Amaitu dira Goierri Rallyesprinteko goizeko bi erlojupekoak
Goizeko 10:00etan hasita autoen burrunba hotsek hartu dituzte Lazkao, Zaldibia eta Gaintzako inguruak. 64 kilometroko luzera eta lau zatitan banatutako lasterketa antolatu du Ikullu Racingek, inoizko handiena.
Gaur egun osoko iraupena izango du rallyesprintak, lau zatitan banatuta. Bi erlojupeko jokatu dituzte jada, —10:00etan izan du irteera lehenak, eta 12:00etan bigarrenak— gainontzeko biak arratsaldean jokatuko dituzte, 15:00etan eta 17:00etan hasita. Lau zatiak batuta denbora onena egiten duen autoarentzat izango da garaipena.
Guztira 62 auto atera dira 10:00etako erlojupekoan. Goizeko bi probak Gaintza-Lazkao noranzkoak egin dituzte. Arratsaldean, Lazkao-Gaintza noranzkoak egingo dute lasterketa —orain arte ohikoa izan dena—. Gaintza, Lazkaomendi, Zaldibia eta Lazkaotik barrena pasa da rallyesprinta.
Lasterketak inolako gora beherarik gabe burutu dira, nahiz eta lehendabiziko saioan kolperen bat tarteko auto batzuk erretiratu behar izan duten. Bazkalorduko atsedenaren ostean, berriro hasiko dira autoak gurpilak berotzen. Sari banaketa 19:30 inguruan aurreikusita dago, Lazkaon.