Eneko Castro eta Alaitz Urkiolarentzat izan da VIII. Goierriko Rallyesprinta
Nerea Campos kopilotu legazpiarra izan da —Gorka Idigoras pilotu eskoriatzarrarekin batera— lehendabiziko goierritarra podiumean.
Eneko Castro eta Alaitza Urkiolak irabazi dute —Mitsubishi EVO X R4— gaur jokatu den VIII. Goierriko Rallyesprinta, 38’ 34’’ko denbora eginda. Iker Etxeberria eta Aitor Antoñanak egin dute bigarren 44 segundora (39’18’’) eta Alberto Marco eta Maialen Guridik hirugarren 51 segunduko aldearekin (39’25’’). Nerea Campos kopilotu legazpiarra izan da sailkapenean lehendabiziko goierritarra —laugarren egin du sailkapen orokorrean Gorka Idigoras pilotu eskoriatzarrarekin batera—. Goierritarrak izan dira baita bosgarren sailkatuak ere: Xabier Mujika eta Miriam Iztueta.
Gustura zegoen Ikullu Racing-eko Eneko Nazabal VIII. Goierriko Rallyesprinta amaitu berritan, lasterketa “oso ondo” joan dela azpimarratu du. Rallyetan ohikoak diren ezustekoak izan dira “matxurak eta kolperen bat edo beste” ere bai. Eguraldi aldaketa izan da gaurko lasterketako beste protagonistetako bat. Goizeko egun eguzkitsuaren ondotik, zerua belztu da arratsaldean eta zaparrada mardulen bat edo beste ere erori da, eta “pilotuen artean mugimendua” sortu duela aipatu du Nazabalek.
Gorka Apalantza lider joan da lasterketa guztian zehar, baina azkeneko zatian gurpil bat zulatu eta lasterketak eskutik ihes egin dio: “gurpila aldatzera gelditu dira eta denbora galdu dute, egun osoan zehar erabateko nagusitasuna erakutsi eta gero”, adierazi du Nazabalek.
Aurten berrituta itzuli da Goierriko Rallyesprinta, aldaketa oso modu positiboan baloratu du Nazabalek eta “jendeari orokorrean asko gustatu” zaiola esan du. “Noranzkoa aldatzen denean, bidea guztiz ezberdina gertatzen da eta ahalik eta bide ezberdin gehien korritzea beti da positiboa”.
Orokorrean jende asko gerturatu da lasterketa ikustera, baita lasterketaren inguruan antolatu diren ekintza guztietara. Bide batez, gogorarazi, betiko helburu solidarioa mantendu dutela, eta etekin ekonomikoa osorik Retina Gipuzkoa Begisare elkartearentzat bideratuko duela Ikullu Racing talde antolatzaileak.