Elgoibarko Jose Alberto Egurenena da Gipuzkoako eztirik onena
Epaimahaiak aho batez hartu zuen erabakia. Erlezaintzako bigarren eskuko materialen lehendabiziko azoka egin zen. Jende ugari bildu zen eguerdirako Zegaman.
Zegamako Erlezain Eguna ospatu da asteburuan, eta ohi bezala, Gipuzkoako Ezti Lehiaketa izan da egun horretako ekintzarik nagusiena. 23. edizioa bete du aurten lehiaketak eta Elgoibarko Jose Alberto Egurenen eztia izan da irabazlea. Goierritarrik ez da izan aurten irabazleen artean, bigarren saria Javier Devesa oiartzuarrarentzat izan da eta hirugarrena, berriz, Erlantz Olabarria bergararrarentzat. Publikoaren saria ere Olabarriak irabazi du.
Bidatz Sasiain, Gipuzkoako Erlezain Elkarteko teknikariak esan duenez, jendeari «kosta» egin zitzaion igandean azokara gerturatzea, baina eguerdirako «giro polita» sortu zen Zegaman. 11:00etan eman zitzaion hasiera ezti lehiaketari eta epaimahaiko kideek 21 ezti dastatzeko lanari ekin zioten. Mikel Zubeldia Gipuzkoako Erlezain Elkarteko lehendakaria izan zen ardura hori izan zuenetako bat, —Rafa Gorrotxategik, Mahalako Jokin Arrospidek eta elkarteko Jokin Etxeberriak osatu zuten epaimahaia—.
Zubeldiak adierazi duenez, epaimahaiak «aho batez» hartu zuen ezti irabazlearen erabakia «zailtasun gehiago izan genituen ondorengo sailkatuak ebazterako orduan», gaineratu du. Egurenen eztia «udaberri hasierako ezti bat da, argia, dentsitate onekoa eta akazia puntu nabarmen batekin. Oso ezti konpletoa», adierazi du.
70 herritar epaile lanean
Gipuzkoako Ezti Lehiaketara udazkenean eskualdeka egiten diren lehiaketetako lehendabiziko hiru sailkatuak igarotzen dira, hortaz, orokorrean, «maila altuko» eztiak izaten dira. Eztiaren «hezetasuna, garbitasuna, aurkezpena, usaimena eta dastamena» hartzen ditu aintzat epaimahaiak erabakia hartzerako orduan. Publikoaren saria herritarren artean erabakitzen da. «eskualdeetako lehiaketetako zazpi ezti jarri genituen dastatzeko, eta 70 bat herritarrek eman zuten euren iritzia», esan du Sasiainek. Olabarriak aurkeztutako eztia izan zen guztien artean baloratuena.
Gainontzean, beste hamaika ekintza ere antolatu ziren Erlezain Egunaren bueltan. Bereziki jendetsua izan zen Rafa Gorrotxategiren eztiekin egindako txokolatinen ikastaroa. Anduetzan haurrentzat antolatu zen Erlearen bila ekimenean ere jende ugari bildu zen.
Bestalde, lehenengoz egin dute aurten erlezaintzako materialen bigarren eskuko azoka. Lehenengoa izanik antolatzaileek zalantzak zituzten arren, «oso giro polita» sortu zela esan du Sasianek. Mahalako jogurt berriak ere banatu ziren jende artean, eztiarekin lagunduta.
Salmenta askorik ez
Oraingoa ez da ezti sasoi beteena eta azokan ez zela postu gehiegi egon aipatu du teknikariak, «erlezain gehienek ezti gehiena salduta izaten baitute». Salmenta aldetik ere ez zela gehiegi saldu aipatu zuen ekoizleren batek edo bestek. Guztiarekin, giro politean gauzatu zen igandeko Erle Eguna. Orain, hurrena prestatzen hastea gelditzen da.