Errekorreko Leharrei Borja Zubizarreta azkoitiarrak eta Irati Larrañaga usurbildarrak irabazi dute
Esprint distantzia laburragoan, Jokin Tolosa anoetarra eta Lara Estebanez legazpiarra nagusitu dira. Trail luzean, zazpi minutu hobetu du Zubizarretak marka, eta 1:55:43 orduan utzi du.
Gabirian gaur jokatu den VI. Leharrei mendi lasterketan Borja Zubizarreta izan da izen berezia. 24 kilometroko lasterketa luzea irabazi bakarrik ez, lehengo denbora-marka 7 minutu jaitsi du. Erakustaldia eman du azkoitiarrak, eta 1:55:43 orduan ipini du Leharreiko luzeko errekorra. Kilometroa 4:49 minutuko erritmoan egitea da hori, 1.300 metroko desnibel metatua duen mendi karrera batean.
Gizonezkoen podiuma bi goierritarrek osatu dute. Iñigo Uribeetxebarria legazpiarra sartu da bigarren, 7:22ra, eta Joseba Eskudero idiazabaldarra hirugarren, 10:35era. Korrikarako baldintza aproposak izan dituzte: oskarbi, eguzkitsu, tenperatura freskotik gehiago epeletik baino, eta zoruan lokatz askorik gabe.
Emakumeetan, Irati Larrañaga usurbildarrak irabazi du trail distantzia luzean (2:33:39). Orain arte laburretan ibili bada ere, aurten Zegama-Aizkorri mendi maratoia egitekotan da, eta arnasaldi luzeagoko probei ekin die. Ondo moldatu da, dagoeneko puntua hartzen ari den seinale. Laura Sanz deierriarrak (2:48:20) eta Maria Ezpeleta beasaindarrak (2:49:32) lagun egin diote podiumean.
Probako azken kilometroan dagoen Learregi aldapako Ternua sari bereziak ere garaile absolutuek irabazi dituzte. Borja Zubizarretak 5:13 minutuan igo du, eta Irati Zubizarretak 7:17an. Gizonentzat zein neskentzat, Ternua etxearen jaka bana zuten opari gehigarri.
Proba motzean, Jokin Tolosa eta Lara Estebanez
Guztira, 210 korrikalari elkartu dira Gabiriako mendi probetan. Luzean 114 irten dira (emakumezkoak 12), eta motzean 96 (horietatik 18 emakumezkoak). Bost bakarrik erretiratu dira, helmugara iritsi gabe.
Esprint distantzian, Jokin Tolosa anoetarrak irabazi du (1:12:04). Asier Artola amezketarrarekin buruz buruko estua lehiatu behar izan du, eta azken aldaparen bukaeran ebatzi dute garaipena. 26 segundora iritsi da Artola. Hirugarren, gizonezkoen podiuma osatuz, Eukeni Goikoetxea altsasuarra sartu da (1:31:31).
Nesketan, Lara Estebanez legazpiarrak lortu du garaipena (1:27:34). Burgostik duela bi urte iritsia, maila polita erakutsi du. Maider Unanue lazkaotarra gain-gainean izan du (1:28:03). Hirugarren, Miren Bastida azpeitiarra sailkatu da (1:33:28).
Lehenbiziko aldiz, haurren lasterkalditxoak ere egin dituzte, bi probetako irteerak eman ondoren. 45 bat umek parte hartu dute, plaza inguruan buelta batzuk korrika egiteko.
Goierriko Kopa
Leharrei lasterketak Goierriko Kopa Trail sailkapen orokorrerako bosgarren proba puntuagarriak izan dira. Esprint distantziako emaitzak atera dituzte oraingoz. Nesketan, Maider Unanue (Lazkao, 386 puntu), Maite Murgia (Lazkao, 244) eta Irati Zubizarreta (Beasain, 200) daude lehen hiru postuetan. Mutiletan, Beñat Ibañez (Zumarraga, 360 puntu), Eneko Morales (Tolosa, 320) eta Iker Zabala (Beasain, 290).
Irabazleen adierazpenak
Jokin Tolosa (15 km irabazlea)
“Iaz ere motzean izan nintzen, baina elurra zegoenez, ibilbidea desberdin ikusten zen. Karrera ondo joan da, hasieran nahiko lasai atera gara, baina estutzen hasi gara gero. Asier Artola bigarren egin duena aurretik jarri da, elkarrekin joan gara bide guztian. Azkeneko esprintera arte, batek bestea atzera utzi nahi, besteak bata. Azkeneko aldapan, errepidera atera aurretik erasoa jo diot, metro batzuk hartu dizkiot, berak amore eman du, eta irabaztea tokatu zait.
Urte batzuk badaramatzat karreretan. Iaz hasi nintzen nahiko konstante entrenatzen. Aurten ere dezente nabil, Goierriko Kopako proba batzuk egin ditut, eta gustura”.
Lasa Estebanez (15 km irabazlea)
“Polita izan da lasterketa. Ibilbidea oso ondo zegoen, eta lehiatua izan da. Maider Unanue atzetik gertu ikusten nuen, baina ondo. Pixkana joan natzaio tartea ateratzen, eta azken aldapan neukan dena eman dut, atzera begiratu gabe. Eguraldi bikaina egin du, iazkotik oso bestelakoa. Elurrak ere bere xarma eduki zuen.
Korrika lehiatzen iaz hasi nintzen. Pozik nabil. Burgoskoa naiz, eta duela bi urte Legazpira etorri nintzen, eta korrika hasi nintzen”.
Borja Zubizarreta (24 km irabazlea)
“Lehenengo aldia da Leharreira etorri naizena. Aurreko astean etorri nintzen ibilbidea ikustera. Lasterketa oso polita iruditu zait, pista asko, pare bat tontor ere bai, Aizaleku eta Otañu, eta bukatzeko igoera gogor hau Gabiraira, ederra lasterketa. Eta irabazita, gustura. Sentsazioak oso onak izan ditut, eta lanean jarraitzeko oso ondo etorri zait.
Jendea fuerte irten da. 2. edo 3. kilometroan jada buruan bakarrik jarri naiz. Sentsazioka joan naiz, pultsioa zainduz. Mendian ibiltzen, bizikletan ibiltzen disfrutatzen dugu guk, eta horrela segi nahi dugu. Domusa Teknikeko 40 miliako ultra daukat begiz jota, azkenean, bertako ekipoan nago eta. Hurrengo astean Zegama-Aizkorri dago, eta ea nola heltzen garen hara”.
Irati Larrañaga (24 km irabazlea)
“Gustura sentitu naiz. Eguraldi ederra, tenperatura ere ona, dena bikain. Oso gustura. Baldintzak oso onak zeuden, iazkoarekin konparatuta, erraz egiten zen korrika. Nire erritmoa hartu dut, bi mutilen artean jarri naiz, eta beraiekin aurrera pasa-atzera ibili gara, eta beraiei jarraitu nahian joan naiz. Motzekoak harrapatzen hasi gara gero, eta kuadrillan igo gara denak.
Aurten kilometro dezente ari naiz egiten. Berez niri proba motzak gustatzen zaizkit, baina Zegama-Aizkorriko dortsala daukadanez, helburu edo erronka handi hori hartu dugu, eta horrako ari gara prestatzen. Hasiera kostatu zitzaidan distantzia aldaketa, baina ari naiz egokitzen”.
Leharrei 15km sailkapen nagusia
Leharrei 24km sailkapen nagusia
Lehen sailkatuen argazkiak (Argazkilaria: Aimar Maiz)