Euskal Herriko txistularien biltoki da gaur Legazpi
Zazpi herrialdeetako txistulari elkartearen batzarra egin dute. Kalejirek alaitu dute Legazpiko herrigunea, goizean goizetik. Plazan kontzertu bat egin ondoren, lagunarteko bazkaria dute.
Euskal Herriko Txistulari Elkartearen urteko juntadizoa eta batzarra Legazpin ari dira egiten, gaur. Txistulari Egunean 80 bat lagun bildu dira, txistulari eta danborrari.
Goizeko bederatzietan plazan elkartu dira, euskal lurraldeetatik etorritako txistulariak. Kalejiran joan dira Latxartegi aretora, eta urteko batzar nagusia egin dute han. Urtero, zazpi herrialdeetako batean txandaka antolatzen du elkarteak Txistulari Eguna. Aurten Legazpin egokitu da, eta 2024an Arabari tokatuko zaio txanda. 2010ean Urretxun ospatu zuten, bertako txistulari taldeak 50 urte bete zituen urtean.
Batzarrean ohiko kontuak argitu eta erabaki ondoren, berriro txistu, danbolin eta atabalak hartu, eta kalejiran Euskal Herria Plazara joan dira. Udaletxean, Koldobike Olabide alkateak harrera egin die. Kontzertu bat egin dute txistulariek jarraian, plazan jarrita. Behin betiko, Eusko, Otaño bertsolaria zortzikoa, Behin batian Loiolan balsa, Lexearena, Jatorra arin-arina, Legazpi zortzikoa eta Legazpi biribilketa jo dituzte. Legazpiko Erraldoien Konpartsako lau erraldoik lagundu diete, dantza batzuk eginez.
Bazkaritara Atxuri jatetxera joan dira. Eta, nola ez, kalejiran joan dira plazatik, Batasuna bibirilketa joz.
Euskal Herriko Txistulari Egunaren argazkiak (Argazkilaria: Aimar Maiz)