Goierriko Kontseilu Sozialistak bailarako zentroa zabaldu du, Beasainen
Ezkiaga kalean ireki dute lehenengo Zentro Sozialista, mugimenduaren lan politikoa burutzeko, langileentzat aholkularitza eskaintzeko, nahiz auzora begira jarduera soziokulturalak garatzeko gune modura.
Goierriko Kontseilu Sozialistak bailara mailako lehenengo gunea zabaldu du, gaur arratsaldean, Beasainen. Ezkiaga pasealekuko 1. zenbakian, 400 metro koadroko espazioa atondu dute, hainbat lan soziopolitiko burutzeko tokitzat hartuta. Gaur, martxoak 25, irekiera ekitaldia eta lekuaren aurkezpena egin dute.
Goierri osorako gunea izango da, Legazpitik Legorretarainoko eremu geografikoari zerbitzua emango diona. Aretoetan –Erka material elektrikoak enpresa egon zen lokalak dira– hiru gune bereiziko dituzte. Bat, ekitaldi jendetsuak egiteko aretoa izango da, gaurko aurkezpena egin dutena, hain justu.
Hitzaldiak, emanaldiak eta publikoari irekitako hainbat saio antolatuko dituzte bertan. Lehenbiziko saioa, asteazkenean, martxoak 29, Rafael Poch-de-Feliu kazetari kataluniarraren hitzaldia izango da, Ukrainako egoera eta testuingurua jorratuko duena (18:00).
Erdiko eremuan, aholkularitza laborala eta juridikoa emateko bulegoak atonduko dituzte. Kontseilu Sozialistaren barruan antolatuta dauden Laneko Autodefentsa Sarea eta Etxebizitza Sindikatua kokatuko dituzte hor. Laneko nahiz etxebizitzako kontratuez, eskubideez eta bestelako aferez kontsultak egiteko zerbitzua eskainiko dute, hilean behin presentzialki.
Azkenik, eskuin aldean, bilera gelak eraikiko dituzte, lauzpabost, oraingo lokala banatuta. Asmoa, Ordiziako eta Beasaingo taldeei eskaintzea da, normalean udalen lokal publikoak erabiltzen dituztenek bestelako ordutegi eta araudi malgutasun bat eduki dezaten. Ezkiaga auzunera bideratutako jarduerak ere burutu nahi dituzte, euskara ikastaroak direla, musika klaseak nahiz beste jarduera sozial batzuk garatzeko espazioa utzita.
Kontseilu Sozialistaren “sede politiko zurrun” izatetik harago joan nahi dute, taldearen aktibitate politikoa egiteko lekua izango dela ezkutatu gabe; “zentro sozial” eta auzo espazio izaera ere eman nahi diote. Itaia erakundeak ere han edukiko du jarduera-gunea.