Illarregirentzat Osinberde saria eta finalerako txarteletako bat
Illarregirentzat Osinberde saria eta finalerako txarteletako bat. Bigarren postua eskuratuta sailkatu da Izagirre ere Osinalde elkartean egingo den final handira.
Larunbatean jokatu zen bertsolari gazteen 51. Osinalde sariketako bigarren kanporaketa, eta X. Osinberde saria. Sei bertsolari aritu ziren larunbatean kantuan: Bittor Altube (Abadiño), Maddi Aiestaran (Beasain), Iker Ormazabal (Hernani), Xabat Illarregi (Leitza), Ekhiñe Zapiain (Bera) eta Unai Izagirre (Azkoitia). Osinberde sariko irabazlea Leitzatik etorritako bertsolaria izan da: Xabat Illarregi. Bigarren postuan Unai Izagirre azkoitiarra sailkatu da, eta ondorioz, Illarregi eta Izagirre izango dira Gabiriako Osinalde Sarietako finalean arituko direnak. Aurrez Lander Arizmendi ordiziarra eta Eskoriatzako Oihana Arana sailkatu ziren Ordiziako Argi Berri Saritik eta larunbatean beste bi finalista gehitu dira zerrenda horretara.
Hurrengo kanporaketa azkena izango da eta apirilaren 1ean jokatuko da, Aztirian. Bertako bi irabazleak izango dira finalerako sailkapen zerrenda itxiko dutenak eta apirilaren 15ean Gabiriako Osinalde elkartean kantuan arituko direnak.
Entzuleen sariari dagokionean, Xabat Ilarregi izan da baita ere garaile, eta Joxepaneko arduradun den Lurdes Barcinaren eskutik egurrezko talla bat jaso du.
urkezle lanetan Joxi Irastorza aritu da eta bertsolariak kopletan aritzeko, Urko Ormaetxea eta Aitzol Jauregi trikitilarien laguntza izan dute. Bertsolari bakoitzak sariketan parte hartzeagatik oroigarri bana jaso du eta Xabat Illarregik horrez gain, irabazlearen garaikurra ere bai. Epaile lanetan, Martin Aramendi, Mikel Urteaga, Alaitz Sarasola eta Iñaki Murua “Gorriñe” aritu dira. Aurtengo Osinberde sariketan 60 lagun izan dira afaltzen eta ondorengo bertso saioa entzuten beste dozena bat lagun gehitu dira Joxepaneko jangelara. Antolatzaileen arabera <<giro apartaz eta bertso saio dotoreaz>> gozatu zuten bertaratutakoek.
Bestalde, ZABELek (Zaldibiako Bertsozale Elkartea) aitortza bat egin nahi izan die Joakin Zubeldia “Zarra” eta Josebe Esnaolari, Osinberde Sariaren lehen edizioetan honen antolakuntzan izandako inplikazioa dela eta.