Lore eta landare azokarekin udaberriari ongi etorria
Lorez eta landarez bete dute Segurako plaza lore eta landare azokan, udaberriko lehen igandea alaituz ongi etorria emateko urtaroari.
Udaberria iritsi eta kale zein mendi lorez betetzen da, ingurua koloreztatuz. Gaurkoan Segurako plaza bete dute lorez. Kolore, forma zein tamaina desberdinetako landareak topatu dituzte bertaratu direnek. Urteroko lore eta landare azoka egin dute Seguran, ohi bezala, udaberriko lehen igandean.
Euskal Herriko txoko desberdinetatik etorri dira saltzaileak eta <<sorpresaz>> hartu dute jende kopurua batzuk, hala ere, sorpresa <<positiboa>> izan dela diote. 30 postutik gora izan dira bertan eta eskaintza oso zabala zegoen.
Denetariko landareak topatu dituzte bertan gerturatu direnek, lorerik txikienetik fruta-arboletaraino. Haziak ere bazeuden salgai, izan tomatearenak, kalabazarenak, piperrenak, ilarrenak, brokoliarenak…
Bestalde, azoka ere izan da frontoian, elikagai zein bestelako artisau produktuak saldu dituzte bertan. Goi zein behe jendez gainezka egon da goiz osoan zehar.