«Amiantoarekin aholkua eskatu eta azkar jokatu behar da»
Amiantoa eta gaixotasun profesionalaren aitortza izango ditu hizpide Izaro Mujika Lan Osasun teknikariak gaur Legazpiko kultur etxean (18:30). Bidelagun Fundazioko David Pena izango du ondoan.
Zergatik eragiten ditu heriotzak amiantoak?
Amiantoa 1A kategoriako sustantzia kantzerijeno bezala kalifikatua dago Europako CE Erreglamenduan, eta Gaixotasun Profesionalen dekretuak aitortzen du hainbat gaixotasun larri eragiten dituela: biriketako minbizia, asbestosia, larinjeko minbizia… Enpresetan ez zen inongo babes neurririk ematen langileek amiantoaren manipula-
zioan erabiltzeko.
Lantegietan asko erabiltzen zen?
Bai, kostu baxuagatik, oso merkea zelako, eta bere propietate ezin hobeengatik: erresistentzia mekanikoa, abrasioarekiko erresistentzia, isolamendu fisiko akustikoa, eroankortasun elektriko txikia, agente kimikoekiko erresistentzia…
Noiz hasi dira heriotzak gertatzen?
Amiantoak eragiten dituen ondorioen latentzia garaia oso handia da, hau da, amiantoarekin lan egin eta esposizioa izan eta 20-50 urte geroago agertzen dira gaixotasunak. Kontuan badugu amianto gehien 1960 eta 1980eko hamarkaden artean erabili zela, argi ikus daiteke orain dela langile horiek gaixotasunak gara ditzaketen urteak.
Zenbatuta al daude?
Zenbait ikerketek diote gaurtik 2050. urtera arte Europan 150.000 heriotzatik gora eragin ditzakeela. Datu benetan gordinak dira.
Legazpin ere izan dira kasuak?
Bai, tamalez Legazpin ere amiantoaren lakra pairatzen ari gara. Azken boladan hiru kasu berri kudeatzen ari gara Bidelagun Fundaziotik. Haietatik bat irabazi berri dugu pasa den ostiralean bertan EAEko Auzitegi Nagusian. Donostiako Lan Arloko 4 zenbakiko epaileak emandako epai bat errebokatzea lortu dugu, eta, ondorioz, Patricio Etxeberriako hildako langile baten emaztearen alarguntza pentsioa amiantoak eragindakoa dela deklaratzea lortu dugu.
Guztiek lortzen dute aitortza?
Hainbat eta hainbat izan dira ziurrenik, amiantoarekin lanean aritu zirela ez zekiten langileak eta ondorioz, aitortzarik izan ez dutenak, baita Legazpin ere.
Aitortza lortzea erraza al da?
Oraindik ez dago amiantoak dakarren arazo larriaren erabateko kontzientziaziorik, eta, gainera, ez dira jartzen kasu horiek azkar konpontzeko jarri beharko liratekeen giza baliabide eta baliabide tekniko guztiak. Administrazio publikoaz ari gara, baita epaitegiez ere.
Zer gertatzen da epaitegiekin?
Aipatu berri dugun kasua da adibide bat. Donostiako epaiak sistematikoki ukatzen du amiantoak eragindako gaixotasun profesionalak daudela, adibidez, langilea erretzailea bada. Izan ere, zientzia medikoaren munduan gauza jakina da amiantoak eta tabakoak sinergiaz jokatzen dutela, Auzitegi Gorenak edo Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak ere adierazi duten bezala.
Zein ondorio ditu aitortza horrek?
Amiantoak eragindako langile batentzat, edo senideentzat hura hil bada, oso garrantzitsua da lanbide gaixotasuna aitortzea. Aitortza horrek aukera emango dio ezintasun iraunkor absolutua lortzeko langilea bizirik badago, edo lanbide gaixotasunaren ondoriozko alarguntasun pentsioa lortzeko. Honez gain, prestazioen errekargua jasotzeko aukera izan dezake, segurtasun neurririk ez izateagatik, eta prestazio horiek %30etik %50era arte igo daitezke enpresaren kontura. Azkenik, kalte galerengatiko kalte ordaina eskatzeko ateak ere zabaltzen dizkio.
Zeintzuk dira aitortza hori lortzeko urratsak?
Lehenik, 1299/2006 Errege Dekretuan jasotako lanbide gaixotasunen zerrendan jasotako gaixotasun bat diagnostikatzen duten txosten medikoak izatea garrantzitsua da. Amiantoaren esposizioari buruz Osalanek egindako txostena ere inportantea da. Osalanen egin beharreko izapideak ELAk eta Bidelagun Fundazioak egiten ditugu.
Bi txosten horiek balio handia dute, funtzionario publiko inpartzialek egiten baitituzte.
Zein da hurrengo urratsa?
Horrekin, Gizarte Segurantzara joan behar da, gaixotasun hori amiantoarekiko esposizioaren ondorio dela eta, beraz, gaixotasun profesionala dela adierazteko. Izapide hori ere ELAk eta Bidelagunek egiten dugu, eragindako familiei lana errazteko. Eskaera onartzen badute, prestazioen errekargua eta kalte galeren ordaina eskatzeko ateak irekitzen dituzte.
Beti onartzen dute eskaera?
Ez. Eta ez badute onartzen, demanda judiziala jarri beharko genuke, eta hori da, hain zuzen ere, aipatu dugun eta joan den ostiralean irabazi genuen epaiaren kasua.
Zer egin behar da amiantoak eragindako gaixotasun baten aurrean?
Amiantoarekiko esposizioarekin bateragarria den gaixotasun bat agertzen bada, aholku eske joan behar da eta azkar jokatu behar bada. Eta horregatik erabaki zuen ELAk Bidelagun Fundazioa abian jartzea, aholkularitza teknikoagatik eta erantzuteko azkartasunagatik.












