Zerain 2023ko Landa Turismoko Hiriburu izateko hautagai
Hamar finalisten arten herri euskaldun bakarra da. Herritarren bozka eskatu du lehiaketa irabazteko. Apirilaren 24ra arte dago bozka emateko aukera zabalik.
Zerain 2023ko Landa Turismoaren Hiriburu izateko finalean sartu da, Espainiako beste bederatzi helmuga turistikorekin batera. Zeraingo Udalak eta Goiturrek lehiaketaren garrantzia azpimarratzeko agerraldia egiten dute gaur goizean Zeraingo museo etnografikoan. Lehiaketa hau Espainiako bidaiarien landa helmuga gogokoena bereizten duen ekimena da eta landa turismoaren garapenaren alde egiten duten udalerriei ikusgarritasuna ematea du helburu.
Amaia Junquera Zeraingo alkateak Zerain Landa Turismoaren Hiriburu izateko sailkatuta dauden hamar udalerrietako bat izatea «mugarri garrantzitsua» dela esan du. Zerain da hautagaien artean Euskal Herriko herri bakarra, baita txikiena ere.
Toki «berezi eta politak»
Izendapena ez dela kasualitate hutsa izan azpimarratu du alkateak. «Zeraindarrek, turismo bulegoak eta Goiturrek aurretik egindako lan mardularen emaitza da», esan du. Txikia izanagatik Zerainek baditu bisitatzea merezi duten «leku berezi eta politak». Aizpitako meategi multzoa, Larraondoko zerrategi hidraulikoa edo interpretazio zentro berrituak azpimarratu ditu alkateak, «herria bera, ingurunea, eta Goierri eskualdea» ahaztu gabe.
Zeraingo turismo bulegoko arduradunak, Iratxe Perezek jaso zuen pasa den martxoaren 24an Bartzelonako (Herrialde Katalanak) B-Travel turismo azokan finalisten saria. «Oso harro gaude. Honaino iristea soilik garrantzitsua da guretzat. Oso herri txikia gara eta honi esker gehiago ezagutzera emateko aukera izango dugu», esan du gaur goizeko aurkezpenean. Lehiaketak zazpigarren edizioa du eta orain arte ez da herri euskaldunik izan irabazleen artean.
Egindako lanari aitortza
Alkateak esandakoaren haritik Zerainen turismoaren alorrean egindako lana goraipatu du Niko Osinalde Goiturreko zuzendariak: «Horren adibide izan da Zerain, batez ere azkeneko 5-6 urteetan». Lehiaketa irabazi edo ez «nahikoa» lortu dutela uste du Osinaldek: «Zerain eta Goierri balioan jarri dituzte, eta orain arte egindako lanaren aitortza da izendapena», ondorioztatu du.
Boicarent (Valentzia), Campo Lameiro (Pontevedra), Candeleda (Avila), Cardona (Bartzelona), Colmenar de Oreja (Madril), Elche de Sierra (Albacete), Nalda (Errioxa), Ricote (Murtzia) eta Segura de Leon (Badajoz) dira gainontzeko hautagaiak. Lehiaketa irabazteko bozkatzera animatu dituzte euskal herritarrak. Apirilaren 24ra arte dago botoak emateko epea irekita. Apirilaren 27an jakinaraziko da irabazlea zein izan den.