"Hiztunek ez diote bizkar ematen euskarari"
Errealitatea eraldatzeko, gauzak ahalik eta zehatzen ezagutu behar direla sinetsita dago Iñaki Iurrebaso Biteri (Legazpi, 1967). Soziologoa ikasketaz, ofizio horretan aritu izan da beti, hasi Donostiako Udalean, Aztikerren ondoren, eta bere kabuz gero. Azken zortzi urteak EHUn irakasle gisa eta doktore tesia egiten eman ditu.

Tesi horren emaitza 1.500 orrialdeko lan mardula: Hizkuntza gutxituen jarraipena, ordezkapena eta indarberritzea neurtzeko demolinguistikazko tresna metodologikoak garatzen. Euskal Herrirako aplikazio praktikoa.
Euskararen ahultasunaz eta egoeraren larritasunaz kontziente, alarma hotsa jo du: “Ez badugu euskara erdigunera ekartzen gure lehentasunetan, gure politiketan eta gure jardunean, bai pertsonalki, sozialki eta politikoki, ez dauka etorkizun handirik gure komunitate honek”.
Bere lanean, astindu egin du azken urteetan euskararen egoera laburtzeko erabili izan den ideia ohikoena, indargunea hizkuntza gaitasunean eta ahulgunea erabileran genuela zioena. Datuekin erakutsi du hiztunek ez diotela bizkar ematen euskarari. Euskaldunen gehiengoak erdaraz hobeto egiten duela kontuan hartuta, erabilera altua dela ondorioztatu du, besteak beste. Horren atzean euskararen aldeko motibazio indartsua nabarmentzen da.
Azken urteetan nagusitu diren diskurtsoekin kritiko, “gauzak beste modu batean planteatu behar ditugu”, dio.
Zein kezkak eraginda egin duzu lan hau?
Euskararen egoerak, noski. Ez naiz neutrala, ez naiz inoiz izan. Baina, objektibotasunaren bila aritu naiz. Iruditzen zitzaidan datuak sakonago aztertuta, bazegoela errealitatearen irudi zehatzagoa eskaintzeko aukera.
“Izugarri minorizaturik dagoen hiztun komunitatea osatzen dugu euskaldunok”, diozu. Gaurko belaunaldiak kontziente al gara ia desagertu zela gure hizkuntza?
Pentsatzen dut ezetz. Ezta gure minorizazio mailaren larritasunaz ere, eta ez bakarrik belaunaldi berriak. Euskaldun asko nagusiki euskaldunen artean bizi gara eta ziurrenik ez dugu perspektiba osoa nabaritzen. Zonalde euskaldunetan bizi direnak lasaiago biziko dira eta zonalde erdaldunagoan bizi diren euskaltzaleek ere beren mikro-mundua eratzen dute.
Zure ikerketa 1906an hasi duzu, euskararen bilakaera historikoa deskribatzeko. Nola heldu zara horra?
Hegoaldeko zentsu guztiak aztertu ditut kalkulatzeko garai bakoitzean zenbat haurrek jaso zuten euskara etxean. Datu demolinguistikoek atzera joz uzten diguten arterainokoa da seriea, atzerago ezin da jo zentsuko datuekin.
Elkarrizketa osoa Argia.eus webgunean.