Neutraltasun klimatikoa lortzeko planaren diagnostikoa egin dute
2050 Klimaren eta energia iraunkorraren aldeko planaren lehen urratsa da. Bigarren fasean herritarrek klimaren egoera nola bizi duten jasoko dute, elkarrizketen bidez.
Ordiziako Udalak 2050 Klimaren eta Energia iraunkorraren aldeko plana jarri du martxan. Planaren helburua 2050erako neutraltasun klimatikoa lortzea da. Horretarako egoeraren diagnostikoa egin du udalak EDE Fundazioaren Izadi zerbitzuekin. Maitane Alvarez ingurumen zinegotziak azaldu duen bezala, “aurreko urteetako ibilbidea aztertu eta etorkizuneko erronkak jaso” dituzte lehen urratsean.
Diagnostikoa eginda, bigarren pausoan, herritarren iritzia jasoko dute, talde ezberdinekin egingo dituzten elkarrizketen bidez. Jubilatuekin egon dira dagoeneko. Gazteei sare sozialen eta ikastetxeen bidez inkesta bat helaraziko diete, eta emakumeekin eta enpresekin ere elkartuko dira. “Enpresak giltzarri dira energia krisiari aurre egiteko, haiek ere energia asko kontsumitzen dutelako eta beste bide batzuk ere bilatzen hasi behar dugulako”. Hirugarren eta azken fasean, aldiz, ondorioak atera eta ekintza zehatzak planteatuko dituzte, erronkei aurre egiteko. Planak guztira 6 hilabeteko iraupena dauka.
Zehaztutako helburuak
Ordizia 2030 Ekintza Planean jasotzen den prozesua da. 2030. urterako, udalaren energia kontsumoaren gutxienez %35 aurreztea eta energia berriztagarrien ekoizpena gutxienez %32ra heltzea aurreikusi dute. Beste helburuetako bat da CO2 emisioak %30 jaistea. Martxan jarritako Klimaren eta Energia Iraunkorraren Planarekin, berriz, 2050 urterako energiaren udal kontsumoan %60ko aurrezpen-energetikoa lortu nahi dute. Gipuzkoa Klima 2050 planak eta Gipuzkoako Jasangarritasun Energetikoaren Estrategiak CO2 emisioak 2005 urtearekiko %40 murriztu beharko liratekeela ezartzen dute. Europar Batasunak ezarritako murrizketa %55ekoa da 1990 urtearekiko. Hala, diagnostikoaren ondorioak eta erronkak aztertuta, 2050 Klimaren eta energia iraunkorraren aldeko plana idatziko du Ordiziako Udalak.
Sentsibilizazio saioak
Ekintzen bidez emisioak murrizteaz gain, sentsibilizatzeko ekintzak ere egingo dituzte, tartean, erakusketak, tailerrak eta Klimaren Hamabostaldia.