Oroitu, ahanzturan ez erortzeko
Joxe Urbizu Berasategi zegamarraren gorpuzkien aurkikuntzarekin hasitako zikloa itxiko du Zegamako Udalak etzi, Aranzadi Zientzia Elkartearekin batera ondu duen 'Zegama 1936-1945' liburuaren aurkeztuta.
Pertsonak adina gertaera ilun ditu frankismoak gordeta bere altzoan. Gerraren krudeltasunak nahitaezko protagonista izatera behartu zituen herritar asko, erregimenarekiko «leialtasun eza» bizitzarekin ordaindu eta gero. Joxe Urbizu Berasategi zegamarraren istorioa da horietako bat. Fusilatu berria zuten aitaren —Martin Urbizu Otaño idiazabaldarraren— bila zihoala, Etzegaraten hil zuten faxistek 1936ko abuztuaren 12an. Ez zen berari buruz ezer gehiago jakin 70 urte beranduagora arte.
Joxe eta Martin Urbizuren eta Espainiako gerrak eraildako beste horrenbeste zegamarren istorioak ezagutzera eman eta memoria bizirik mantentzeko, Zegama 1936-1945 liburuan bildu ditu Aranzadi Zientzia Elkarteak, Zegamako Udalaren ekimenez, sasoi hartan gertatutakoak. Etzi 12:00etan egingo dute Anduetza parketxean liburuaren aurkezpena, baita gerrak desagerrarazitako bizilagun horien omenezko ekitaldia ere.
2013ko apirilean, Aranzadik eta Nafarroako Fusilatuen Elkarteak hainbat hilotz topatu zituzten Urbasan (Nafarroa) eta 2014ko irailean gorpuzki horien artean identifikatu zuten Joxe Urbizu zegamarra. Angel Irigoras zegamarrak 2006an memoria historikoa berpizteko egin zuen Herri zapalkuntzaren lekuko batzuk lanean horrela jaso zuen Joxe Urbizuren hilketa: «1936ko abuztuaren 12a zen. Etzegarate aldean faxistekin egin omen zuen topo. Jakin zutenean nor zen, beraiek aita non zegoen bazekitela, eta hura zegoen lekura eramango zutela agindu ondoren, Olaziko kotxe batean sartu zuten. Bidean konturatu zen zer zetorkion eta ateratzeko agindu ziotenean berak ez zuen atera nahi izan. Ondorioz, kotxe barruan tirokatu zuten. Beti uste izan da Urbasako zuloren batetik behera bota zutela». Martin Urbizu, Martin haundiren gorpuzkiak ez dira gaur gaurkoz berreskuratu. Etzegarateko bihurgune batean lurperatuta dagoenaren zantzuak badaude Zegaman, belaunaldiz belaunaldi garai hura bizi zuten herritarrek hala kontatuta.
Oroimenaren txokoa
2015eko ekainean, Joxe Urbizu Berasategiren gorpuzkiak herriratu eta Zegamako hilerrian ordutik dagoen Oroimenaren Txokoan ehortzi ziren familiak hala eskatuta. Ordu hartan, Oroimenaren Txokoan, herrian falta diren errepresaliatu gehiagoren gorpuak sartzeko tokia egin zen, «egunen batean guztiak berreskuratuko ditugun esperantzarekin», diote udaletik.
Aranzadik 2019 eta 2022 urte artean ondu du bihar aurkeztuko duten ikerketa lana. Zegamako udal artxiboa, nahiz Euskal Herriko eta Espainiako artxibo ezberdinak arakatu dituzte. Euskaraz eta gaztelaniaz argitaratutako bi liburu dira emaitza, etzi Zegaman senideen aurrean aurkeztuko dituztenak. Urbizuren gorpuzkien aurkikuntzarekin hasitako zikloa itxi nahi du horrela Zegamako Udalak, zauriak itxi eta bortizki desagerrerazitako bizilagun hauen istorioa ahanzturan eror ez dadin.