Sasieta zabortegian eraikitzen ari diren transferentzia estazioaren obrak "uztailerako" amaituko dituzte
Azpiegitura berria Gipuzkoako hiri hondakinak kudeatzeko zirkuituaren azken atala izango da. Obrak nola doazen ikusten egon dira gaur goizean, Jose Inazio Asensio Ingurumeneko diputatua, Mikel Serrano Sasieta Mankomunitateko batzarkidea eta Cesar Gimeno Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioko zuzendaria.
Aurrera doaz Sasietako zabortegi zaharrean eraikitzen ari diren transferentzia estazioa, Gipuzkoako hiri hondakinak kudeatzeko zirkuitua itxiko duena. Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Orokorrak (GHHKPO) aurreikusten duen zortzigarren eta azken azpiegitura izango da. Sasieta Mankomunitateak lursail bat utzi dio GHKri estazio hori eraikitzeko, eta Sasietaren barruko 22 udalerriei emango die zerbitzua, 72.000 biztanle guztira. Urtean 18.000 tona baino gehiago hondakin kudeatuko ditu.
Azpiegitura berriaren obrak bertatik bertara ikusten egon dira gaur, Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioko lehendakaria eta Ingurumeneko diputatua Jose Inazio Asensio, Sasieta Mankomunitateko batzarkidea Mikel Serrano eta Cesar Gimeno Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioko zuzendaria. Lanek duten martxarekin «gustura» agertu ziren; Asensiok nabarmendu zuenez, «martxa onean doa» eta espero dute, «uztailerako obrak bukatuta egotea».
Obraren datuak
Obraren datuen inguruko xehetasunak ere eman zituzten. 8.000 metro kubikoko lur mugimendua egin da eta 2,5 kilometroko zanga baino gehiago egin dira. Eraikinaren hormigoizko egiturarako, orain arte 1.100 metro kubiko hormigoi eta 80 tona altzairu baino gehiago erabili dira. Une honetan, ia 70 tona altzairu instalatzen ari dira egitura metalikoa eraikitzeko. Ondoren, eraikinaren inguratzailea instalatuko da, ia 2.000 metro karratu altzairurekin. Jarduketa eremua 18.000 metro karratukoa da.
Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioak bere gain hartu du Sasietako transferentzia estazioa eraikitzeko behar den inbertsio osoa.
Eraikina Viuda de Sainz-Urdinberri enpresa elkarteari esleitu zitzaion, 2.389.467,94 euroren truke (BEZik gabe). Obrak, iazko urrian hasi ziren, eta bederatzi hilabeteko exekuzio epea dute, beraz, uztailean amaituko da.
Gipuzkoako bigarrena
Sasietakoa, «gure beharren %100i erantzuteko gai izango da» esan du Asensiok , «hondakinak biltzen direnetik tratatzen eta berreskuratzen diren arteko kudeaketa bermatuko duelako», eta horregatik «guztiz beharrezkoa da».
Horrekin batera,Ingurumeneko diputatuak gaurko bisitan gogorarazi duenez «Sasietakoa Gipuzkoako bigarren transferentzia estazioa izango da, Elgoibarkoa zerbitzua ematen ari da dagoeneko, Gipuzkoako mendebaldeko eremu osoari». Horri lotuta, erantsi du, «hiri hondakinak kudeatzeko plana onartu zenetik, zazpi azpiegitura jarri dira abian Gipuzkoan». Azpiegitura horiek, «hondakinen bilketa, kudeaketa, tratamendua eta berreskuratze jasangarria bermatu dute, eta erreferente bihurtu gaituzte ekonomia zirkularraren sektorean».