Jaurlaritzak matrikulazioetan eginiko esku hartzea salatu du Urdanetarrak Guraso Elkarteak
Urdanetarrak-en hitzetan, Jaurlaritzak «aurrez adierazitako irizpideen aurka, ikaspostuak ez ditu eskariaren baitan esleitu».
Urdanetarrak Ordiziako Eskola Publikoko Guraso Elkarteak Eusko Jaurlaritzak matrikulazioetan egindako esku-hartzea salatu du. Adierazi dutenez, Eskola Publikoak «eskari handia» izan du 2023-2024 ikasturterako eta «ikastolak baino matrikula gehiago izan ditu». Ordizian, Urdanetarrak-en hitzetan, Jaurlaritzak «aurrez adierazitako irizpideen aurka, ikaspostuak ez ditu eskariaren baitan esleitu». Eskola Publikoak «bost ikaspostu libre» izanda, zaurgarri moduan izendatu dituen hainbat ikasle ikastolara bideratu izana salatu dute. «Ikastolatik Eskola publikora, berriz, ez-zaurgarri moduan izendaturiko ikasle bakarra».
Hala, Jaurlaritzak Eskola Publikoa bi ikasle gutxiagorekin utzi duela diote, «ikastolaren mesedetan», eta horrek «apenas eragin duela oso larria den desorekan». Kezka agertu dute ikasturtea hasita matrikulatzen direnen ikasleen esleipenarekin «egoera okertuko» ote den. «Arriskua dago desoreka bideratzeko aitzakiarekin, Hezkuntza Sailak Eskola Publikoa kaltetzen segitzeko, ikasle berriak ikastolara bideratuz».
Eskola Publikoaren funtziorik behinena «berdintasunean, aniztasunean eta inolako diskriminaziorik gabe, herritar guztien ezagutza eta hezkuntza premiei erantzutea» dela nabarmendu dute, eta administrazio publikoari horren aurka egitea leporatu diote: «Ordizian berdintasuna eragozten du, desorekak handitu ditu, aniztasunaren kudeaketa egokia oztopatu du, eta, orain, ikasleak diskriminatzen ditu hezkuntza publikoa hautatzeko aukera murriztuz, ikaspostu libreak izan arren».
Baldintza berdinak
Ikastolen Elkarteak matrikulazio baldintza berak eskatu ditu zentro guztientzat, eta «ikastoletan matrikula eskaera egin duten ikasle guztiei eusteko konpromisoa hartu» du.