Beste hiru greba egun dituzte aurretik Zaldibiako Tuermecako langileek
Martxoan egindako hiru greba egunen ondotik, apirilaren 3an, 4an eta 5ean ere greba egingo dute. Datorren astearte arratsaldean egingo duten kontzentrazioan parte hartzera deitu dituzte herritar guztiak. Enpresak "negoziatzeko borondaterik ez" duela nabarmendu dute.
Hiru dira Zaldibiako Elbarrena auzoan dagoen Tuermeca enpresako langileek enpresari 2023ko urtarrilean egin zizkioten eskaera nagusiak: KPIaren igoera lineala, kategorien errebisioa eta bajen osagarritasuna. “Enpresak emandako erantzuna, soldataren %4ko igoera bat egitea izan zen. Langileek ikusirik gure eskaeretatik urrun zegoela zuzendaritzaren erantzuna, negoziaketa aldi bat irekitzea eskatu zion Komiteak. Enpresa tinko mantendu da bere posizioan eta ez du negoziaketarako borondaterik erakutsi. Hori dela eta langileok mobilizazioetan hastea beste biderik ez genuen izan”, nabarmendu dute langileek idatzi batean.
Enpresaren jarrera ikusita, langileek “mobilizazioetan hastea beste biderik ez” zutela izan diote . Hasieran lanuzteak egin zituzten bi astean zehar, baina zuzendaritzak “jarrera mugigaitza” duela ikusirik, “greba egun batzuk deitzea besterik ez zaigu geratu”. Lehen hiru greba egunak martxoaren 22an, 29an eta 30ean egin zituzten, eta datorren asterako beste hiru greba egun deitu dituzte, apirilaren 3, 4 eta 5erako. “Enpresa honek duen langile kopurua handia ez dela kontuan edukita, apirilaren 4an, 16:30etik 17:15era, langileok Tuermeca aurrean egingo dugun geldialdira dei egiten dizuegu borondatea duzuen orori”. Ildo horretan, eskerrak eman dizkiote Zaldibiako Udalari eman dien babesarengatik eta baita lanuzteetan babesa agertu duten guztiei ere.
Egoeraren nondik norakoak
Tuermecako langileek diotenez, enpresak dituen “arazoak negoziaketen bidez konpontzen saiatu” izan dira, “eta beti prest egongo gara bizi dugun lan-gatazka mahai baten inguruan lantzeko, baina zoritxarrez enpresaren aldetik ez dago horretarako borondaterik”.
Gaur egun bizi duten egoera ulertzeko, pandemia garaira jo behar dela diote. “Enpresak ABEE (Aldi Baterako Erregulazio Espedientea) bat ezarri zuen, eta langileek, momentuko egoera ez zela ona ikusirik, derrigorrezko ABEE hori onartu beharra izan genuen. Aurrerago enpresak beste bi ABEE proposatu zituen eta langileek negoziatu egin genuen. Bi ABEE hauek aurrera atera ziren langileen borondateagatik, enpresak aurrera egiteko nahia agertuz. Guztira ABEE horiek bi urte eta erdi iraun zuten”.
Langileek zehaztu dutenez, 2022ko irailean enpresak ABEE-a bukatutzat eman zuen “egoera egonkortu” zela ikusita. “Gogoratu beharra dago bi urte eta erdi horietan enpresak ez zuela galerarik izan; irabaziak izan zituen, aldiz langileok gure soldatak murriztuak ikusi genituen. Hau horrela izanik, 2023ko urtarrilera iritsi ginen eta Metaleko Hitzarmena erori egin zen 2022. urtea amaitzearekin batera. Hori dela eta, langileok hiru eskaera nagusi egin dizkiogu enpresari, eta hark ez du negoziatzeko borondaterik erakutsi”