"Egiak egingo gaitu libre"
'Zegama 1936-1945. Giza eskubideen zapalketa eta errepresioa Gerra Zibilean eta Lehen Frankismoan' liburua aurkeztearekin bat, Zegamako Udalak 2015ean sortutako Oroimenaren Txokoaren plakaren ondoan beste bat jarri dute, 11 izen gehituta. Errepresaliatu ugariren senideak eta hainbat agintari elkartu ditu San Bartolome ermitan egin duten ekitaldi solemneak.
San Bartolome ermita gainezka zela egin dute gaur eguerdian Zegama 1936-1945. Giza eskubideen zapalketa eta errepresioa Gerra Zibilean eta Lehen Frankismoan ikerketa lanaren aurkezpena –bi liburukitan banatuta–, eta ekitaldi horixe baliatu du Zegamako Udalak frankismoaren errepresioa jasan zuten biktimei eta haien senideei aitortza egiteko. Ione Zuloaga Muxika (Azkoitia, 1995) historialari eta Aranzadi Zientzia Elkarteko ikerlariak ondu du lana.
2015ean, Jose Urbizu Berasategiren gorpuzkiak Urbasatik herrira ekarri eta Zegamako hilerrian ehortzi ziren familiak hala eskatuta. Udalak bortizkeriaz hildako zegamar horren ehorzketa zela-eta, Oroimenaren Txokoa sortu zuen eta garai hura sakon ikertzeko konpromisoa hartu zuen. Gaurko ekitaldiarekin borobildu du. Garai hartan zortzi errepresaliaturen izenak jasotzen zituen plakaren ondoan beste bat jarri dute, beste 11 errepresaliaturen izenak gehituta.
Ordubeteko ekitaldia
Joseba Izagirre Zegamako alkatea eta hainbat zinegotzi, Rodrigo Gartzia Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko sailburuordea, Aintzane Ezenarro Gogora Institutuaren zuzendaria, Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendaria, Juantxo Agirre Aranzadi Zientzia Elkarteko idazkari nagusia, Ione Zuloaga liburuaren egilea, Josu Bujanda ertzainburua eta Joxean Arzak ertzaina eta Gipuzkoako Mikeleteen burua lehen lerroan eserita zirela eman dio ekitaldiari hasiera Julian Beloki aurkezleak. Haien atzean zegamar errepresaliatuen dozenaka eta dozenaka senide, eta koruan, Zegamako txistulariak eta Orkatz abesbatzakoak.
“Oroitzapenez, sentipenez eta emozioz betetako ekitaldia da hau. Gaur zuen eguna da”. Belokiren hitz horien ondoren, Orkatz abesbatzakoek Mikel Laboaren Martxa baten lehen notak abestu dute, eta segidan Juantxo Agirrek hartu du hitza. “Aranzadi beti dabil antzinako Euskal Herriari begira, eta duela 87 urte gure herrian gertatu zena argitzea dago gure zereginen artean. Ireki genuen bide bat lurpean zeuden gorpuak ateratzeko. Hemen egin dena ikerketa ofiziala da, erakundeek beti lagundu gaituzte. Saiatu gara lan guztia metodologia zientifikotik egiten”.
Ione Zuloaga egileak eskerrak eman dizkie haien lekukotasunak emateko prest azaldu ziren zegamar guztiei, eta haiengandik jasotako bi mezu nabarmendu ditu: Gerraren sufrimendua berriz ez errepikatzea, eta aurrera egiteko indarra eta kemena izatea. Liburua nola banatu duen azaldu ondoren, lanean jasotzen diren hamaika datu eman ditu egileak. “Eskerrik asko isiltasuna apurtu eta egia jakiten lagundu diguzuenoi”. Mikel Laboraren Gure hitzak abestiaren zati bat kantatuz amaitu du hitzartzea.
Txistulariek Sorozabalen Gernika jo ondoren, Julian Belokik Oroimenaren Txokoko plaka berrian azaltzen diren 21 biktimen izenak eta haien heriotzaren nondik norakoen berri eman du. Ekitaldia bukatzeko, Joseba Izagirre alkateak hartu du hitza: “Zer gara gu? Zer egiten gaitu gizaki edo gizarte? Oroimenak. Zer dago penagarriagorik oroimena galtzea baino”.
Zegamako Udalak orain zortzi urte emandako hitza bete duela esan ondoren, honako esaldiarekin bukatu du alkateak: “Egiak egingo gaitu libre. Horrek aberastuko du gure elkarbizitza”.
Plaka berria Oroimenaren Txokoan
Agintariak eta Aranzadiko kideek ermitatik atera dira, eta atze aldean dagoen hilerrira joan dira. Han, Joseba Izagirre eta Aintzane Ezenarro arduratu dira plaka berria estaltzen zuen ikurrina kentzeaz, eta dantzari baten agurraren ondoren, krabelin bana utzi dute haren oinean.
Ekitaldian izan diren senide eta herritarrek ermitatik bertatik ikusi ahal izaten dute zati hori pantailen bitartez, eta segidan, hala nahi izan dutenek Oroimenaren Txokora joateko aukera izan dute multzo txikitan.
Anduetza parketxean egin duten liburu banaketarekin bukatu da ekitaldia.
Argazkiak: Iñaki Gurrutxaga