Gari Aranbarri artistak 'Hik egurre ta nik teilatue' proiektuaren emaitza aurkeztu du Zerainen
'Barne Begirada'-k kultur proiektuaren barruan Igartubeiti Baserri Museoak abian jarritako 'Ars Natura' egoitza artistikorako aukeratutako artista da Aranbarri. Proiektuaren kontzeptualizazioa Zerainen hutsik dauden baserri batzuetan oinarrituta egin du.
Gari Arabarri Arregik (Azkoitia, 1997) Hik egurre ta nik teilatue proiektuaren emaitza aurkeztu du gaur eguerdian Zeraingo kultur etxean. Barne Begiradak kultur proiektuaren barruan Igartubeiti Baserri Museoak abian jarritako Ars Natura egoitza artistikorako aukeratutako artista da Aranbarri, eta otsail eta martxo artean Aizkorpeko herri horretan izan da.
Hik egurre ta nik teilatue materialtasun, espazio eta paisaia kontzeptuei buruzko proiektu bat da, “bizitzeko modu kontrahegemonikoak” aztertzen dituena. 70eko hamarkadako proposamen politiko erradikal batzuen ondorioz, Gipuzkoan komunitatean emandako zenbait bizitza-esperientziei buruzko ikerketa batetik abiatzen da lana, eta gaur egunera arte ekartzen du artistak gertaera horien bilakaera ikusteko. Kontzeptualizazioa Zerainen abandonatutako baserri batzuetan egin du Aranbarrik.
“Nekazariak matxinatuko dira 1976”
Hustutako baserri baten narriadura progresiboa irudikatzen duten irudi batzuetan oinarrituta, Straub-Huileten Trop tôt, trop tard (1982) filmaren pasarte bati heltzen dio Aranbarrik. Film horretan Les paysans se révolteront 1976 (Nekazariak matxinatuko dira 1976) dioen pintada bat agertzen da. “Testu honen erreprodukzioak autonomia politiko bat sortzeko aukerak utzitako hutsuneari buruzko hainbat gai zabaltzeko balio du, eta egoteko beste aukera batzuetan pentsatzeko, paisaia eta komunitatearen eta lurraldearen arteko afektuak eraldatzeko, hori guztia Zerainen 1976an etxebizitza kooperatiboak eraikitzearekin batera”.
Deialdiaren helburuetako egokitutako lana
Igartubeiti Baserri Museotik “oso positibotzat” jo dugu Gari Arambarriren lan artistikoa, deialdiaren helburuetara egokitu lana dela baiteritzo: “Lurraldearen, kulturaren eta aldaketa sozialaren arteko lotura, lurraldean bizitzeko modu berrien inguruko hausnarketa eta etorkizuna landa eremutik birpentsatzeko iruditeria berrien eraketa. Azpimarratzekoak dira, baita ere, Zeraingo komunitatearekin batera egindako interakzioa eta bitartekaritza-lana. Zerainek modu aktiboan hartu du bere proposamena, Garirekin batera prozesu artistiko osoan murgilduz”.