Ion Izagirrek irabazi du Indurain Sari Nagusia, Lizarran
"Itzulia hasteko bi egun besterik ez dira falta, eta garaipen honek konfiantza handia eman dit", adierazi du ormaiztegiarrak. Alex Aranburu seigarren sailkatu da, Izagirrerengandik hogei segundora.
Ion Izagirren (Cofidis) txirrindulari ormaiztegiarrak irabazi du gaur Lizarran Miguel Indurain 24. Sari Nagusia. Izagirrek helmugatik hamabi kilometrora jo du lehen erasoa Eraulen gora, eta Sergio Andres Higuitak (Bora) soilik jarraitu ahal izan dio.
Lizarrarako bidea elkarrekin egin dute, baina helmuga iritsi aurreko Ibarrako aldapan beste eraso bat jo du, eta kolonbiarra atzean uztea lortu du. Behin gainera ailegatuta, bakarrik egin du aldapa beherako zatia, eta bi segundoko aldea atera dio Higuitari helmugan.
Beste goierritar bat, Alex Aranburu (Movistar) ezkiotarra seigarren sailkatu da, Izagirrerengatik 20 segundora.
Itzulirako konfiantzarekin
Lasterketaren bukaeran Izagirrek adierazi du Eraulko igoeran “indartsu” sentitu dela, eta haizea kontra izan arren, tartea irekitzea lortu duela. “Itzulia hasteko bi egun besterik ez dira falta, eta garaipen honek konfiantza handia eman dit”.
Bigarren aldiz irabazi du Indurain Sari Nagusia Izagirrek. Aurreko garaipena 2016. urtean lortu zuen.