Joxemiel Barandiaran kiroldegiko lanak 2024. urtearen hasierarako bukatzea espero du udalak
Kiroldegia handitzeko eta birmoldatzeko bosgarren fase honetan barne igerileku berri bat eraikitzen, egungoa berritzen, sauna eguneratzen eta aldagela berriak egiten ari da Lazkaoko Udala.
Joxemiel Barandiaran udal kiroldegia berritzen ari da Lazkaoko Udala: Sei kaleko igerileku berria eraikitzen, egungo igerilekua eta sauna berritzen eta aldagelak eta komunak egokitzen dihardu. Aurreko faseetan, kanpoko igerilekuak, gimnasioak eta ikastaro- eta irisgarritasun-espazioak egokitzeko obrak egin ziren. Lanak 2022ko ekainean hasi ziren, eta 2024ko lehen hiruhilekoan amaituta egotea espero du udalak.
Lehen bederatzi hilabeteak igaro ondoren, aurreikusitako hiru azpifaseetako lehena burututa, udal ordezkari eta teknikariek, eta Kepa Zubiarrain alkateak obra bisitatu zuten atzo.
Kiroldegia handitzeko, eraikin berri bat egiten ari dira egungo tenis-pistan. Eraikin berri honek erdisotoko solairua izango du hainbat instalaziotarako, eta lehenengo solairuan igerileku klimatizatu berria, 25 x 12,5 metrokoa, sei kalekoa eta harmailekin. Une honetan, obrak 1. azpifasea amaitua du, lehen solairuko aldagelak eta komunak egokitzeari buruzkoa, eta 2. azpifasean obra-prozesuan dago, igerileku berria eraikitzeari dagokiona.
Agintaldiko proiektu estrategikoa
Kepa Zubiarrain alkateak azpimarratu du agintaldiko proiektu estrategiko “garrantzitsuenetako” baten aurrean gaudela: “Gure lehentasuna, hasieratik, herritarren ongizatea eta bizi-kalitatea bermatzea izan da, aukerak sortuz eta zerbitzu eta azpiegitura egokiak eskainiz. Horri erantzuten ari gara berriro. Kiroldegi berriak udalerriko kirol zerbitzuak nabarmen hobetuko ditu. Zaharkituta eta txiki geratu diren igerilekua eta aldagelak berritu eta handituko ditugu, kalitatezko azpiegiturak sortuz eta lazkaotarren eskaerari erantzunez. Gaur egun, kiroldegiak 2.613 bazkide ditu, eta horietatik 2.559 igerilekuaren erabilerari lotuta daude. Igeriketa ikastaroen eskariari bi igerilekuekin hobe erantzuteko aukera ere emango digu. Azken batean, guztion artean Lazkao hobea eraikitzen ari gara, hemen bizitzeko kalitatezko aukerak eskainiz eta, kasu honetan, herrian kirolaz eta aisialdiaz gozatzeko”.
Iparragirre Eraikuntza Lanak SL enpresa ari da obra egiten, 4.035.274 euro + BEZeko aurrekontuarekin. Aurreikuspenen arabera, lanek 20 hilabete inguruko iraupena izango dute, eta 2024ko lehen hiruhilekoan amaituko dira.