Legazpik sei mediku behar dituela aldarrikatu dute kalean
Manifestazio jendetsua egin dute Legazpiko osasun zentroaren egoeraz protesta egiteko. Orain bost medikuk egin behar diote aurre lehen sei medikuren artean banatuta zuten paziente kopuruari.
Pentsiodunen eta jubilatuen Buztintegi elkarteak deituta manifestazio jendetsua egin dute gaur eguerdian Legazpin. Laubideko Eroski paretik aterako da 12:00etan, eta Santikutz kalea eta Kale Nagusia zeharkatu ondoren, plazan amaituko da.
Osasun zentroko familia mediku baten erretiroaren ondoren, Osakidetzak plaza hori ez du berriz bete, eta orain bost medikuk egin behar diote aurre lehen sei medikuren artean banatuta zituzten paziente kopuru berberari. Osakidetzari seigarren medikua eskatzeko sinadura bilketa egin zuen Buztintegik urtarrilean, eta guztira 2.316 herritarren sinadurak bildu zituzten.
Argudioa, biztanleria jaitsiera
Gotzone Sagardui Osasun sailburuari helarazi zioten ondoren eskaera, eta haren erantzuna jaso zuten aste batzuetara, eta “erantzun argirik ez ematea” egotzi zioten. Martxoaren 23an jaso zuten orain arteko azken erantzuna: “Osakidetzak erantzun digu orain ondo zainduta gaudela, ez lehen bezala, gure beharrean gainetik zainduta geundela”.
Osakidetzak mediku txartel ratioari erreparatzen dio seigarren medikua ukatzeko. “Osasun txartelen kopurua 1.500ekoa dela aipatu dute, eta orain pixka bat gorago gaude, 1.521. Aipatzen ez dutena da pediatra bat egon behar dela 800 kartillako, eta Legazpin mila inguru daude, Osakidetzak berak markatutako zifraren %25 gainetik. Hori gutxi balitz, joaten zaren bakoitzean pediatra desberdina dago”.
Legazpiko biztanleria %40 murriztu da azken berrogei urteetan, “baina esaten ez dutena da batez besteko adin altuena duen Gipuzkoako bigarren herria” dela. “Legazpi hiru pertsonetatik batek 61 urte baino gehiago ditu. Zenbat eta zaharragoa izan, orduan eta gehiago behar dira era guztietako zainketak, baita medikuak ere”.
Lehen mailako arretaren defentsa
Buztintegik nabarmendu du Osakidetzak lehen mailako arreta “eraisteko” politikarekin jarraitzen duela, eta horren aurrean osasun publiko eta unibertsala aldarrikatzen du. “Lehen Mailako Arreta da Osasun Publikorako sarrera, gaixotasuna zaintzen, prebenitzen eta osasuna sustatzen duena, gure herrietako osasun-zentroetan gertuko profesional ematen dizkiguna, nahiz eta gero eta nekatuagoak eta gero eta baldintza prekarioagoetan lan egiten duten”.