Merkataritzan erasoak eteteko eskatzeko kontzentrazioa deitu du Bareak elkarteak
Apirilaren 4an izango da udaletxeko plazan, 13:00etan. Bestalde, Herrierdi izeneko talde batek idatzi bat kaleratu du herriko hainbat kaletan bizi duten "segurtasun gabezia" salatzeko. Sinadurak biltzen hasiko dira.
Beasaingo Bareak merkataritza elkarteak Merkataritzan erasorik ez! lemapean kontzentrazioa deitu du datorren astearterako, “Beasainen eman diren azken gertakizunak salatzeko”.
Joan den ostegun arratsaldean bikote batek lapurreta egin zuen San Inazio kaleko denda batean, eta dendaria haien atzetik abiatu zenean jipoitu egin zuten.
Udaletxeko plazan izango da bilkura, 13:00etan. “Bazkideei, herriko merkatariei, zerbitzuei eta ostalariei, eta herritar guztiei egiten diegu elkarretaratzeko deia. Guztiok elkartuta gertatutako ikustaraztea, eta horri aurre egitea da helburua”.
Herrierdi taldearen sinadura bilketa
Bestalde, Herrierdi izeneko talde batek Bizitzea seguru izan dadin idatzia ere kaleratu du, herriguneko hainbat kaletan “aspalditik” bizi duten “segurtasun gabezia” salatzeko. Sinadura bilketa hasiko dute. Honela dio hitzez hitz argitaratu duten idatziak.
BIZITZEA SEGURUA IZAN DADIN
“Bideluze plaza, Kale Nagusia, Jose Miguel Iturrioz, Jose Arana, Zaldizurreta eta alboko kale eta guneetako bizilagun eta saltokietako erabiltzaileok, aspalditik bizi dugun segurtasun gabezia dela eta, herri ordezkari guztiei gure guneko arazo larri honi erantzun azkar eta benetakoa ematea eskatzen diegu.
Bizi dugun beldur eta nekea jasanezinak dira jada. Ia egunero gertatzen dira indarkeriazko egoerak, lapurretak, baita arma zorrotzeko eginiko mehatxuak ere. Arrazoiak ugariak dira, baina begi-bistakoa da azken aldian Bideluze Plazaren inguruan harturiko neurriek zerikusia dutela, guneak zuen lasaitasun eta normaltasun gutxi hori kenduz, zona ghetto batean bihurtuz, baita gero zonaldeko beste kaleetara zabaltzen diren indarkeriazko egoera askoren fokuan ere.
Sortu den egoera larri hau dela eta, eta gertuena dugun erakundearen aldetik egoera konpontzeko dagoen borondate eza ikusirik, sinadura bilketa hasiko dugu, laster egingo diren udal hauteskundeak gertu daudela aprobetxatuz, zonaldean bizitzea seguru izan dadin exijituz”.