Aia txikian, ondare handiari aldare
Erroipe interpretazio zentroa bisitagai dago, larunbatean zabaldu zutenez geroztik. Auzoaren historia, baserriak, lekuak, naturako balioak eta lanbide zaharrak bildu dituzte, eduki ugaritan.

Amonak egiten dio harrera bisitariari Ataungo Aia auzoko Erroipe interpretazio zentroaren sarreran. Transmisioaren ziurtatzaile, jakituriaren ondorengotzaile eta esperientziaren kontatzaile da amona; eta Aiarekin horixe lortu nahi dute, bertako ondare, historia eta balio izandako nahiz direnen erakustokia atonduta.
Plazako ohiko patxadatik Erroipe aterpearen eskuin aldeko zentrora sartuta, beste mundu batean barneratuko da bisitaria. Edo Aian dauden mundu askoren kontzentrazioan. Orain 80 bat bizilagun ditu auzoak, baina 1955ean 352ra iritsi zen. 28 baserri eta 43 familia ziren orduan.
Aiarrak jentilen oinordekoak direla dio kondairak, Baiarratetik Marumendin barrena Leizadi ingurura iritsitakoak. Eta Aia izenak aldapa esan nahi du. Historiografiak beroarenak kentzen dizkio, ordea, mitoari: 400 urte ditu, zehazki, Aiak, eta Urkillaga mendiz bestaldera geratzen den Arrondo auzotik gora populatu zuten, XVII. mendean. 1619an, Ataungo herriak lurrak herritarrei saltzeko aukera ireki zienean hasi ziren goi belardi haietan etxeak eraikitzen: Mendiurkullu 1625ean, Arbilleta 1630ean… Eliza 1794an eraiki zuten, nahiz gutxira erre (1825ean) eta auzolanean altxatu zuten berriro berria.
Amonaren eskutik beti ere, areto neurriz ez handian barneratu ahala, baserrien historia eta Aiako lanbide ohikoenak ezagutu daitezke: ikazkintza, lihogintza eta artzaintza nagusi.
Ondare bilketaren emaitza
Aiako bizilagun Txema Zubizarreta da interpretazio zentroko gidaria, eta bertako material askoren egilea edo biltzailea. 30-35 urtean bildutako bideo irudiak ikus daitezke hiru pantailatan. Garai bateko lanak, eguneroko zereginak eta bizimodua ageri dira.
Mendian egonda, naturaren erakusleihoa eraman dute Erroiperaino. Faunaren grabazio harrigarriak daude, Zubizarretak urtetan kamera-tranpekin hartuak, Aia inguruetan. Katamotza eta katajineta dira izarrak.
Joxe Bikuñaren zur bildumaren parte bat ere eman dute. Aiako zuhaitz autoktonoen laginak jarri dituzte erakusketan. Mendi ibilaldietarako abiapuntu eta helmuga erosoa da, bestetik. Wikiloc-eko ibilbideen berri ematen dute, eta jendeak egin duen txangoa berta deskargatuta utz dezake, hurrengoentzat.
Ondare etnografikoa
Lanabes batzuk ere jarri dituzte. Tartean, ikazkinek txondor gorien gainean erre gabe ibiltzeko janzten zituzten egurrezko txapinak. Joxan Agirre Errondo-ren argazkiak, Zubizarretaren bideo eta argazkiak –dronearekin airetik hartuak barne–, Bikuñaren zuhaixken laginak, eta auzotarrek utzitako tresnak dira zentroaren bihotza.
Joan Arinen bilketetatik erauzita, Aiakoek osatzen dute funts garrantzitsu bat. Baserrien historia –36 izan dira, desagertuak zenbatuta– eta 1.627 leku izenliburuki banatan argitaratu dituzte. Eskaria badagoenez, gehiago ateratzeko asmoa badute.
Ostegun, ostiral eta larunbat goizetan (10:00-14:00) bisita liteke, eta txanda hartuta edozein unetan ere bai (943 06 19 63; erroipe@ataun.eus).
Etxe bakoitzaren historia opari jaso dute aiarrek
Irekiera berezia izan zuen, zapatuan, Erroipe interpretazio zentroak. Auzotarrentzat erreserbatu zuten eguna, eta 40 bat lagun joan ziren; asko. Begiak zabal-zabalik barneratu zituzten denek han jarri dituzten datuak, argazkiak, irudiak eta kontakizunak, Txema Zubizarreta gidariak esan duenez.
«Auzotarrak oso pozik eta hunkituta, gustura geratu dira hemen egindakoarekin», azaldu du Zubizarreta auzokideak. Izan ere, duela 30-35 urte biltzen hasitako bideoak eta jakingarriak daude, eta horietan dagoeneko bizi ez diren aiar ugari azaltzen dira. Euren ahotsetik eta bizipenetatik hizketan, gainera. Hunkidura berezia eragin die horrek bisitariei.
Auzoari buruz gehiago jakiteko ere baliagarri suertatu zaie. Norbere etxearen historia eta inguruko leku-izenak, bere garaian Joan Arin Dorronsorok jasotakoak, pen-drive banatan oparitu dizkiete baserri bakoitzeko bizilagunei.
Ikastetxe, talde eta Sakana aldekoekin –harako joera izan du Aiak– hasiko dira lantzen.
Amaitzeko, Haitzarrin arrantxoa egin zuten: txorizo, odolki eta gaztarekin, dena Aian bertan egina.