Oliveira-Ibañez bikoteak irabazi du Zumarragako pilota txapelketa herrikoia
Goñiren oroimenezko txapelketa Beñat Zubizarretak eta Elola-Lizeaga bikoteek irabazi dute
Atzo pilota txapelketa herrikoiko eta Goñiren oroimenezko txapelketako finalak jokatu ziren Beloki pilotalekuan. Txapelketa herrikoiko finalean, Oliveirak eta Ibañezek 16 eta 10 irabazi zieten Rodriguez eta Alemani. Oliveiraren bederatzigarren finala izan zen. Sei txapel irabazi ditu jarraian. Ibañezek lehenengoz irabazi du txapelketa hau.
Goñiren oroimenezkoari dagokionez, promesa mailako lau t’erdikoan Beñat Zubizarreta ataundarrak 22 eta 11 irabazi zion Oihan Etxeberriari. Zubizarretak txapelketa bikaina egin du. Elite mailako binakako txapelketan, Elolak eta Lizeagak 22 eta 9 irabazi zieten Murua eta Ugartemendiari. Frontoia bete egin zen ia eta giroa bikaina izan zen.