Artzain Egunean azoka berezia, ardiak eta Idiazabal Gazta berria
Ordizian Artzain Eguna ospatu da gaur eta azoka berezia, ardiak eta Idiazabal Gazta izan dira jaiaren protagonista.
Udaberriaren etorrerarekin batera eta egunak luzatzen hasi diren honetan Euskal Herriko artzainek egun bereziak dituzte. Batetik, gaurkoan Ordizian egun handia dute: Artzain Eguna. Bestetik, ardiak Aralargo mendietara igotzen hasteko garaia. Hau hala izanik, Artzain Egunean mendietarako igoera horren erakusle, 2.000 ardi inguruk Ordiziako kaleak zeharkatu dituzte, artzain eta artzain-txakurrez lagunduta.
Bestalde, asteazkeneroko legez Ordiziako Azoka ezagunak hartu du herriko plaza; hala ere, egun handiaren aitzakipean urteko lehen azoka berezia egin dute. Hala, produktu desberdinak ikusi ahal izan dituzte bertaratu direnek, herriko erdigunean zehar jarritako postuetan. Horien artean, jantziak, jakiak, gozoak, jostailuak, bitxiak, adornurako objektuak, barazkiak eta nola ez egun osoan zehar protagonista izan den ardi gazta.
Giro ederrean pasa dute goiza eta euri zaparradak ezin izan du jaia zapuztu. Urteroko legez jendetza ibili da artzain egunaren aurtengo edizioan ere. Saltzaileak «oso pozik» daude egindako salmentarekin eta izandako giro zein harrerarekin.
Idiazabal Gazta berriari ongi etorria
Egun hau Ordiziako Idiazabal Gaztaren kofradiarentzat ere berezia izan ohi da, izan ere, Idiazabal Gazta berriaren lehen zatia mozten da, ekitaldi baten bitartez denboraldi berriari hasiera emanez. Aurten ere ez da gutxiagorako izan ekitaldia. Kofradiako kideek, Ordiziako alkate den Adur Ezenarrok, turismo arloko zenbait karguk hitz egin dute ekitaldiari hasiera emateko. Sarrera honetan artzainei «aitortza» egin diete eta Idiazabala Gaztaren zenbait kontu aipatu dituzte. Ondoren, omenaldiekin hasi dira.
Lehenik eta behin Hilario Arbelaitz omendu dute, ibilbide «oparoko» sukaldaria. Euskal sukaldaritza berriaren aitzindarietako bat da Arbelaitz, beste zenbait sukaldari handirekin batera honen sorreran parte hartu duena. Aipatutakoaren arabera, etxean ikasi zuen Arbelaitzek sukaldean, amarengandik eta izebarengandik batez ere. Ondoren, etxeko errezeta tradizionalak garatzen eta berritzen joan zen pixakanaka. Zuberoa jatetxea martxan jarri zuen beste zenbait senitartekorekin batera eta bertan ere, tradizionaltasuna landuz plater berriak sortu ditu. Hala ere, Hilario Arbelaitzek berak izandako hitz hartzean azpimarratu duenaren arabera, «sustraiak galdu gabe» egin du berrikuntza beti. 2000.urteaz gerozti Ordiziako Idiazabal Gaztaren kofradiako ohorezko kidea da eta duela 26 urte bera izan zen Idiazabal Gazta berriaren lehen zatia mozteko ohorea izan zuena.
Jarraian, gaztandegi mailako saria eman dute. Aurtengoan Abel Goibururentzat izan da sari hau. Goiburutarren familiako testigua hartu zuen eta asteazkenero-asteazkenero Ordiziako azokan duten postuan egon ohi da. Artzain Gaztaren saria, aldiz, Eneko Goibururen eskuetan erori da aurten. 7 belaunaldiren ondorengoa da Eneko eta 2016.urtean testigua hartu zuenaz geroztik «oso fin» dabil, izan ere, zenbait sari irabazi ditu urte hauetan zehar.
Ekitaldiari amaiera emate aldera, Lourdes Rekondori begira jarri dira aretoko begi guztiak. Rekondo izan da gaurko ekitaldiko protagonista. Ibilbide handiko emakumea da Rekondo sukaldaritza arloan. Aitaren pausuei segika, egun, munduko bodegarik onena bezala izendatuta dago Rekondo. Behin bere ibilbidearen errepasoa egin ondoren, Idiazabal Gazta berria moztu du eta hasiera eman dio denboraldi berriari.