Gaztaren arrastoan, astebete
Goierrira turistak erakartzeko apeu nagusienetariko bat gazta da. Idiazabal izena ez da nahikoa eta eskaintza osatzeko hamaika piezako esperientzia garatu dute turismo eragileek azken urteetan
Gazta usainak erakarrita iristen dira turista asko eta asko Goierrira. Lurrinak gogorarazten die noizbait dastatutako Idiazabal gazta hura. Beharbada, keztatua; seguru, zapore gazikoa eta krematsua. Gaztaren gustu markatuak bizirik sentiarazten du edonor, zentzumen guztiak aktibatzen dituelako eta frogatzen duelako gutiziazko jakiak behar fisiologiko bat estaltzeko baino gehiago direla. Hau da, bizitza aberasten duten esperientzia emozionalak eta espiritualak dira. Turistak kilometroak eta kilometroak egiteko gai dira gazta berriz ere probatu eta ahokada bakoitzaren atzean dagoen guztia ezagutzeko: hegazkinez, autobusez, trenez, kotxez, bizikletaz… baita ere oinez.
Niko Osinalde Goiturreko zuzendariak azaldu du, nagusiki, kataluniarrak direla gaztaren atzetik Goierrira etorritako turistak. Baina ez dira bakarrak: Espainiatik, Frantziatik, Alemaniatik edota Ingalaterratik ere iristen dira. Baita ere, Eskandinabiatik; bereziki, Norvegiatik eta Suediatik. Normalean, bikoteak izaten dira gastroturistak, nahiz eta kuadrillan ere bisitatzen duten Goierri: laukoteak, seikoteak… talde handiagoak, ezohikoagoak dira. Dena dela, propio gastronomian oinarritutako turismoa egitera datorren bisitari kopuruak zehatz neurtzea «zaila» dela aitortu du, «denok jaten dugulako».
Gaztaren inguruko turismoa jana baino gehiago da: kirola, natura, kultura…
Uka ezina da, dena den, Euskal Herriaren erreklamo turistiko eraginkorrenetariko bat gastronomia dela. Mundu mailako sukaldariek eta jatetxeek hauspotuta, bertako gastronomia bost kontinenteetan da ezaguna, eta horrek moko fineko turistak erakartzen ditu. «Sagardotegiek turista asko erakartzen dituzte, adibidez. Guk ere baditugu sagardotegiak, baina ezin dugu Donostialdeko Sagardoaren lurraldearekin lehiatu. Gaztan zentratu gara, Idiazabal izena mundu osoan delako ezaguna», azpimarratu du Osinaldek. Are, turistek Idiazabal errazago identifikatzen dutela gaineratu du zuzendariak Goierri baino.
Izena, ordea, ez da nahikoa. Osinaldek azaldu du edukia behar beharrezkoa dela. Hala, azken urteetan gaztari lotutako promozio ekitaldiak, dastaketak, museoak, ibilbideak… diseinatu direla kontatu du. Artzain Eguna izan du hizpide, adibidez: «Idiazabal gaztari presentzia eta balioa emateko balio du». Ildo berean, Euskal Jaiak, txapelketak, azoka bereziak… aipatu ditu. Halaber, bisitariek gazta egiteko prozesua ere ezagutu nahi dutela jabetu dira turismo sektoreko eragileak, eta logika horretatik azaldu du gaztandegiek museo lanak ere egiteko hartu duten joera. Edota, Gaztaren ibilbidea.
Izena edukiz bete behar da
GR-283 ibilbidea da, zehazki, Gaztaren ibilbidea. Sei etapetan egiteko pentsatutako plana da, Ordizian hasita eta Ordizian amaituta. Tartean, esaterako, Idiazabal herria zeharkatzen du eta Goierri eta Debagoiena eskualdeak lotzen ditu. Ibilbide Luze (GR) zirkular honek gaztaren ekoizpenean dauden arlo desberdinak ikusteko aukera ematen du: artaldeek bazkatzen duten zelaietatik hasita, haien esnearekin egindako gazta saltzen den merkatuetaraino. Bidean artzain-txabolak, saroiak, bentak, artzaintzaren eta gaztaren museoak eta artzain eskola aurkitzen dira. Baita ere, artzainen bizitzarekin eta heriotzarekin lotura zuzena duten hainbat megalito. «Lan handia egin dugu, ez zegoelako ezer sortuta. Esku orriak, mapak, eragileen arteko saretzea… Baina fruituak jasotzen ari gara», errepasatu du Osinaldek. «Funtzionatzen ari da». Lo egiteko, museoak bisitatzeko, dastaketak egiteko… sarrera bateratuak edota paketeak saltzen dituzte, eta geroz eta gehiago saltzen direla esan du.
Gazta turismoak, jateko plazeraz gain, beste balore batzuk ere uztartzen ditu. Natura, esaterako. GR-283 Aralarko eta Aizkorri-Arazko Natur Parkeak zeharkatzen ditu, balio handiko eremu naturalak; kirola eta bizi ohitura osasuntsuak ere hauspotzen diru. Ibilbidea oinez egiteko pentsatuta dago, eta gaztak KM0 filosofiarekin bat egiten du. Gainera, elikadura osasuntsuaren baloreekin bat dator; Goierriko historia eta kultura ezagutarazteko balio du… Turistek euskara entzuteko aukera izaten dutela azpimarratu du Osinaldek.
Niko Osinalde Goiturreko zuzendariak gaztari lotutako turismoa gehiago ustiatu behar dela defendatu du. «Hazteko tartea dugu eta hazi egin behar dugu», esan du. «Turista gehiago behar ditugu, ekarpen ekonomikoa egiten dutelako». Hazkundea eta masifikazioa bereizi ditu. «Turismoa kontrolatu behar da, masifikazioak kalte egingo ligukeelako. Bisitariek eskertzen dute Goierri ez egotea masifikatuta eta eremu naturalak babestu egin behar ditugu». Ez du halakorik espero. «Arriskua txikia da, bisitari zehatz bati bideratutako eskaintza delako». Ustiapena handitzeko lo egiteko, jateko, esperientzia hobetzeko… aukera zabaldu behar dela irudikatu du. Eragile publiko eta pribatuak horretara animatu ditu.