Oiangu Natur Eskolako 7. ikasturtea bihar hasiko da
Apirilean eta maiatzean Ordiziako ikastetxeetako 460 umek parte hartuko dute. Aranzadi Zientzia Elkarteko Botanika Sailak sortu zuen proiektua 2017an.
Bihar jarriko da martxan Oiangu Natur Eskola. Zazpigarren ikasturtea izango da. Ordiziako ikastetxeetako 460 haurrek parte hartuko dute eta herriko naturari buruz ikasteko aukera izango dute Oiangu parkean. Bertan egingo dituzten jarduerak parkera eta bertako biodibertsitatera egokituta daude eta baso eskoletako metodologia jarraitzen dute.
2017an sortu zuen Oiangu Natur Eskola proiektua Aranzadi Zientzia Elkarteko Botanika Sailak, eta ordutik Ordiziako Udalak finantzatzen du. Adur Ezenarro Ordiziako alkateak adierazi du “gune paregabea” dela Oiangu “naturaz gozatzeko eta naturan ikasteko”.
Eskola orduetan, ikasgelan ikasi beharrean, naturaz inguratuta eta hori ardatz hartuta jasoko dituzte eskolak ikasleek. Oinez igoko dira parkera haur, irakasle zein hezitzaileak, landareak, animaliak edo naturako formak aztertuz eta eguneko gaiak aipatuz, ikasleak motibatzen joateko. Naturarekin hartu-eman zuzena izatea bilatuko dute beti, eta helburua, udalak azaldu duen bezala, “haurrak naturan esperientzia positiboa izatea” da. “Eta bide batez, bizipen, konpetentzia eta kontzeptu kurrikularrak ikasteko baliatzean da. Metodologia honek, bertako inguru naturala ezagutzen, kokatzen, ingurua maitatzen eta ondorioz errespetatzen lagunduko du”.
Talde lana sustatuko dute, eta komunikazioa zainduko dute, “arauak transmititzerakoan zein haurren motibazioa eta autoestimua sustatzerakoan”. Jolas librerako denbora ere eskainiko dute, bestelako jostailurik gabe estimuluak naturan bertan topatzea sustatuz. Bihartik aurrera, maiatzera arte izango dira jarduerak.