Ataungo ‘Jentilen bideetatik’ hiru ibilaldietarako izena eman liteke
Maiatzaren 7an izango dira hiru ibilbideak. Iraupen luzeko ibilbidea eta tartekoa egiteko hamar euro ordaindu behar da. Ibilbide motza da aurtengo berritasuna. Azken hori doan da.
Ataungo iraupen luzeko XI. Jentilen Bideetatik ibilaldia maiatzaren 7an izango da. 48 kilometro luzeko ibilaldi neurtua da, Ataun Kirol Elkarteak antolatua. Ibiltariak 06:30ean abiatuko dira San Martingo Auzoetatik, eta Ataungo herri barrutiari itzulia mendiz mendi egingo diote.
Arantzazumendi, Atxurbide, Aietsu, Saratsamendi, Intsusburu, Irumugata, Lizarrusti, Alleko, Sarastarri, Intsustiko iturria, Amundarain izango da bira. 2.243 metroko desnibel positiboa dauka.
Ez da ibilbide bakarra izango luzeen hori. Beste bi ere prestatu dituzte, aukeran. Tarteko ibilbidean 21 kilometroko txangoa egin ahalko da, 08:00etan irtenda. Kiroldegitik San Gregoriora, Urkullagara igo, eta Muñoaundi eta Sarastarri gainetatik Intsustiko iturrira, Kobaegira eta Amundarain baserrira itzuliko dira. 833 metroko desnibela dauka.
Azkenik, eta berritasun modura, ibilbide motza (8 kilometrokoa) 09:00etan hasiko da. Herribidetik San Gregoriora joan, eta errepidez goialdetik itzuliko dira, aldaparik batere gabe.
Ibilbide luzea eta tartekoa egiteko, 10 euro ordaindu eta izena eman beharra dago, Interneten (zirkuitua.com). Motzekoa doan da, eta izenik ez da behar.