Dena taldeak kontzertua egingo du D’elikatuzen
Bira amaierako kontzertuetako bat izango da Ordiziakoa biharkoa. 19:00etan hasiko da.
Ordiziarrock jaialdiaren 20. edizioa izango da aurten. Horren aurretik, Ordiziarrock Ekintzak-ek aurtengo hirugarren kontzertua antolatu du. Joseba Irazoki eta Petti eta Alarma Morearen kontzertuen ondoren, bihar, Dena taldearen txanda izango da. Aurrekoak bezala, D’elikatuzen izango da, 19:00etan. Ondarrun (Bizkaia) 2017an sortutako taldea da, Beñat Eizagirrek, Unai Aretxabaletak eta Xabat Ituartek osatua. Rocka eta post-hardcorea jotzen dute.
2020an kaleratu zuten lehen diskoa, Ezer sentitzeko izenekoa, autoekoitzia. Iaz, berriz, bigarren diskoa argitaratu zuten: Zure mugadun hutsune, Bonberenea Ekintzaken eskutik. Bira amaierako kontzertuetako bat izango da Ordiziakoa. Geldialdia egingo dute gero.