‘Familia sarekada’ antzezlanarekin amaituko da Antzerki Garaia, etzi
Ordiziako Herri Antzokian izango da, 20:30ean. Urtarrilean hasita, zortzi antzezlanek osatu dute kartela; launa Ordizian eta Beasainen. «Inoizko bonu gehien saldu da aurten».
Aurtengo Antzerki Garaia zikloa amaizera doa. Ostiralean bukatuko da, Familia sarekada antzezlanarekin, Ordiziako Herri Antzokian. Ordiziako eta Beasaingo udalek antolatuta, zortzi antzezlanek osatu dute aurtengo kartela, urtarriletik apirilera, bina antzezlan eskainiz hilabete bakoitzean, guztira launa herri bakoitzean. Horietatik sei euskarazko ekoizpenak dira, eta beste biak gaztelerazkoak.
Urtarrilaren 13an izan zen lehenengoa. Sagastitarrak eskaini zuten Beasaingo Usurbe Antzokian. Ez naiz inoiz Dublinen egon, Cabezas de cartel eta Yerma izan dira Beasainen ikusgai izan diren beste antzezlanak. Ordizian, aldiz, Hobe ixilik!, Muchos amigos negros eta Toto antzezlanak egin dituzte, eta etzikoa izango da laugarrena.
Antolatzaileen arabera, arrakasta izan du zikloak eta askok egin dute antzerkira joateko plana. «Inoizko bono gehien saldu dira eta maila handiko antzerki eta aktoreak izan ditugu Herri Antzokian eta Usurbe Antzokian», azaldu du Izaro Intsausti Ordiziako kultura teknikariak. Bertako antzerkigintzaren aldeko apustua egin dute antolatzaileek. Zortzi antzezlanetatik zazpi Euskal Herriko ekoiztetxeetakoak dira, eta horietatik sei euskaraz. «Gehienak euskaraz izanik, bertako sortzaileentzat erakusleiho ederra izan dugu Goierrin». Aurtengoa bukatzeko zorian dagoen arren, dagoeneko hasi dira datorren Antzerki Garaia antolatzeko lanean.
Garai digitala
20:30ean izango da Familia sarekada. Etxean lasai afaltzen ari den familia batek poliziaren sarekada bat jasango du, kideren batek etxeko porno sare bat darabilen susmoarekin. Denek ematen dute errudun, eta ikusleak jakingo du pixkanaka akusazioak ez direla diruditena. Umorea oinarri, Interneteko pribatutasuna eta garaiko arazo digitalak jorratuko dituzte antzezlanean. Vaiven Produkzioaken hitzetan, «inorekin ez fidatzeko moduko komedia bat» da.
ANTZEZLANAREN DATUAK
- Egilea: Antonio Muñoz de Mesa.
- Itzulpena: Aizpea Goenaga.
- Zuzendaritza: Olga Margallo.
- Antzezleak: Ainhoa Aierbe, Mikel Laskurain, Nerea Gorriti, Xanti Korkostegi.
- Ekoizpena: Vaiven Produkzioak.
- Iraupena: 80 minutu.
- Sarrerak: Barrenan, Kutxabank-en edo leihatilan.