Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketetako kanporaketak zehaztu dituzte
Esku-huska, Zumarragak eta Ataunek elkarren aurka jokatuko dute, Zaldibia Oiartzun txapeldunaren aurka ariko da, eta Idiazabalek Andoain izango du aurkari. Palan Ordiziak Donostiaren aurka neurtuko ditu indarrak, eta gomazko paletan Zumarragak Oiartzunen aurka. Maiatzeko bigarren asteburuan jokatu dira joaneko partidak.
Gipuzkoako Pilota Federazioak zehaztu ditu dagoeneko 2023ko Herriarteko Pilota Txapelketaren kanporaketak. Lau modalitatetan jokatuko dira (eskuz, larruzko paletaz edo pala motzez, gomazko paletarekin eta zestan). Zestan ez beste hiruretan lehiatuko dira Goierriko pilotariak. Lau herri esku-huska, eta bana palan eta gomazko paletan. Olaberriak azkenean ez du lortu talderik osatzea.
Donostian, Anoetako kirol etxean, atzo iluntzean egin zen agerraldi eta zozketaren ondoren iragarri ditu federazioak kanporaketak. Hamazazpi herri lehiatuko dira eskuz, zazpi larruzko paleta eta pala motzez, hamalau gomazko paletaz eta hiru zesta-puntaz. Lehen kanporaketak maiatzaren 12tik 14rako asteburuan jokatuko dira, itzulikoak maiatzaren 19tik 21erakoan, eta finalak ekainaren 24-25eko asteburuan.
Eskuz lau herri
Goierriko lau herri ariko dira esku-huska: Ataun, Idiazabal, Zaldibia eta Zumarraga. Laurak final zortzirenetan hasiko dira. Zumarragak eta Ataunek goierritarren arteko derbia dute hasteko, Zaldibia iazko txapeldun Oiartzunen aurka lehiatuko da –hark kanporatu zuen iaz Zaldibiako taldea–, eta Idiazabal Andoainen aurka. Hiru kanporaketa horietako joaneko partidak Goierrin jokatuko dira.
Ordizia bai, Olaberria ez
Larruzko paleta eta pala motzeko modalitatean Ordizia izango da Goierriko ordezkari bakarra. Hasiera batean Olaberria izana emanda zegoen, baina azkenean ez dute lortu taldea osatzea. Final laurdenetan hasiko da Ordizia, eta Donostia izango du aurkari.
Zumarraga gomazko paletan ere bai
Gomazko paletan ere ordezkari bakarra izango du Goierrik: Zumarraga. Oiartzunen kontra kanpoan jokatuz hasiko du kanporaketa.