Ormaiztegin hasita jokatuko da Gipuzkoa Klasikoa asteburuan
Junior kategoriako nazioarte mailako txirrindulari onenek hartuko dute parte. Bigarren urtez bi etapakoa izango da Klasikoa. Guztira 198 txirrindulari lehiatuko dira.
Nazioarteko junior mailako txirrindulari onenen topaleku izango da Ormaiztegi asteburu honetan, Gipuzkoa Klasikoa txirrindularitza probaren baitan. Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioak antolatuta, UCI Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunaren junior mailako txirrindulariek hartuko dute parte dagoeneko 29. edizioa beteko duen proban. Aurten bigarren urtez etapa bikoitz batekin jokatuko da Klasikoa: Ormaiztegin hasiko da larunbatean eta Donostiako Egia auzoan amaitu igandean.
Gaur goizean aurkeztu dute lasterketa Ormaiztegiko kultur etxean. Bertan parte hartu dute Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioko presidente Santi Osorok, federazioko zuzendari tekniko Abraham Olanok, Ormaiztegiko alkate Jon Enrikek, Goiturreko zuzendari Niko Osinaldek eta probaren babesle nagusia den Irizar taldeko presidente Koldo Mendizabalek. Jon Aizpurua kazetari ataundarrak egin ditu aurkezle lanak.
Enrikek Ormaiztegik txirrindularitzarekin duen harreman estua goraipatu du, eta federazioari eskerrak eman dizkio mota honetako proba bat herrian antolatzeko aukera eskaintzegatik. Mikel Irizar ormaiztegiarrak lasterketa antolatzeko izan duen prestutasuna ere azpimarratu du. Osorok bere aldetik, Ormaiztegin antolatzen den maila honetako errepideko lehendabiziko lasterketa dela gogoratu du, «Ormaiztegik eta bertako zaletuek merezi zuten maila honetako lasterketa bat bertan antolatzea», aipatu du.
Nazioarteko kirolari onenak
Lasterketan UCI junior mailako 198 txirrindularik hartuko dute parte, eta Euskal Herrian eta Espainian jokatzen den mota honetako proba bakarra izango da. Sei txirrindulariz osatutako 33 talde arituko dira nor baino nor, tartean Gipuzkoako hamahiru talde, Bizkaia, Araba, Nafarroa eta Iparraldeko selekzioak eta nazioarte mailako beste 18 talde eta selekzio ere bai. Azpimarratzekoen artean aipatu dute, «aurten lehen aldiz Amerikar Estatu Batuetako talde bat» izango dela. Gainera, «Belgikako hiru talde, Erresuma Batuko beste hiru eta Portugal, Herbehereak eta Lituaniako talde bana egongo dira», besteak beste.
Ormaiztegikoa izango da probako lehendabiziko etapa —Irizar Saria—, larunbatean. Abraham Olano lasterketako zuzendari orokorrak probaren alderdi teknikoen berri eman du. Guztira «98,6 kilometroko» ibilbidea osatu beharko dute txirrindulariek, Ormaiztegin hasi eta amaituko dena. Liernia—bi aldiz—, Gabiria eta Mandubiako gainak igaroko dituzte besteak beste: Ormaiztegi-Alegi-Lierni (bi aldiz)-Ormaiztegi-Irizar-Gabiria-Ormaiztegi-Garin-Mandubia-Ormaiztegi.
Maila goreneko lasterketa
Ibilbide «gogorra» dela azpimarratu du Olanok, «lau mendate dira guztira eta Mandubikoa izango da gogorrena. Ihesaldiak egongo direla aurreikusten dugu baina ez da tarte askorik egongo txirrindularien artean azkeneko igoerara arte». Maila altuko lasterketa da eta aurreko edizioetako irabazleen artean daude «Alenjandro Valverde edo Iban Mayo», besteren artean. Lasterketa Youtuben streaming bidez emango dute zuzenean.