Umoregileen gaua egingo dute Gabirian etzi, Kulturaldia hasteko
Antton Telleria, Ana Goitia, Julen Portillo eta Iker Plazaola izango dira ikuskizunean. Maiatzaren 12ra arte hainbat ekitaldi antolatu ditu udaleko kultura batzordeak.
Ohi baino egitarau murritzagoa izango du aurten udaberriko Gabiriako Kulturaldiak. Denboraz eta ekitaldi kopuruz gutxitu arren, saio ikusgarriak antolatu ditu udal Kultura Batzordeak.
Lau umoregileren bakarrizketekin hasiko da egitaraua, ostiral honetan. Antton Telleria, Ana Goitia, Julen Portillo eta Iker Plazaola izango dira ikuskizunean. Osinalde elkartean, 22:30ean hasiko da umore gaua. Aurrez, afaria izango da, elkartean bertan.
Larunbatean, berriz, Amaia Elizagoien ipuin kontalariak haurrentzat kontaketa egingo du, kultur etxean, 17:00etan. Ameli eta Xirrikituen jostunek ipuina aurkeztuko du. Egun berean, 16:00etan, Irakurle Txokoan elkartuko dira irakurzaleak. Joan Mari Irigoienen Babilonia eleberria landuko dute.
Kulturaldiak apirilaren 26an jarraituko du. Ostatua jatetxeko Mikel Asurabarrenak sukaldaritza ikastaroa emango du, Erbie elkartean, 17:00etan. Hilaren 28an, Maitane Ormazabal psikologoak heriotzari buruz hitzaldia egingo du (kultur etxean, 18:00).
Maiatzaren 12ra arte
Maiatzaren 7an, Nerea Mendizabalek eta Itziar Saenz de Ojer Pituxa-k Gatazka: ataska ala aska? ikuskizuna egingo dute, kultur etxean 18:00etan.
Azkenik, 12an, Loreak belaunetan dokumentala eskainiko dute. Jon Sagarna eta Aratz Igartzabal herritarrek parte hartu dute lanean, kulturari buruz.