Usurbe txirrindu proba larunbatean jokatuko da, data atzeratutakoa
Lehenengo eta bigarren mailako kadeteentzako Gipuzkoako Federazioko lasterketa da. Hogei bat talde eta 120 txirrindulari espero dituzte antolatzaileek.
Larunbatean jokatuko da Beasaingo 41. Usurbe txirrindulari proba –Mikel Etxeberriaren 31. Oroimenezkoa– martxoan bertan behera geratu zena, lasterketaren segurtasunarekin lotutako arrazoiengatik. Loinatz txirrindulari elkarteak antolatutako lasterketa da.
Lehenengo eta bigarren urteko kadeteentzat lasterketa izango da, Gipuzkoako Federazioarena. Antolakuntza taldeak aurreratu duenez, hogei bat taldek parte hartuko dute. 120 bat txirrindulari, guztira.
Nafarroa Etorbidean izango dute abiatzeko puntua, 16:15ean. Ia 40 kilometro egin beharko dituzte, Alegiaraino joan-etorria eta 34,2 kilometroan Olaberria igo beharko dute. Hori izango da ibilbidean izango duten mendate aipagarriena, eta oso posible da bertan erabakitzea podiuma. 17:15ak aldera, hasitako leku berean amaituko da lasterketa.