«Ikatzan, bazkideen artean, asko ikasten da»
Ikatza elkarteak argazki ikastaroa antolatu du, eta Mikel Bravo Aldasoro (Legazpi, 1984) izango da irakaslea. Argazkilari profesionala da, baina proiektu pertsonalak ere lantzen ditu.
Nolakoa izango da ikastaroa?
Oinarrizko ikastaroa izango da. eta Reflex kamerak erabiltzen erakutsiko dugu. Askok modu automatikoan egiten dituzte argazkiak, eta guk eskuzko eran egiten erakutsiko diegu, diafragma, abiadura eta horrelakoak norberak kontrolatuta. Argazkia egiterakoan kontuan hartu be- har diren konposizioa, kolorea, argia… ere landuko dugu, eta kameraren osagarrien inguruan ere hitz egingo dugu, tripodeei eta objektiboei buruz, adibidez.
Kamera digitalez ari zara, ezta?
Bai, argazkigintza digitala landuko dugu, hori da orain gehien egiten dena. Analogikoa, hala ere, itzultzen ari da pixkanaka, eta Ikatzan hasi gara batzuk. Lo- kalean laborategia dugu, aspaldian erabili gabe egon dena, eta berreskuratu egin dugu, bertan argazkiak berriz errebelatzeko.
Noiz izango da ikastaroa?
Jaiak eta gero, maiatzaren 15etik 31ra arte, baina hurrengo astelehenetik maiatzaren 12ra arte eman behar da izena, Kultur Etxean. Gure lokalean izango dira klaseak, astelehen, asteazken eta ostegunetan, 19.00etatik 21:00etara, eta prezioa, 50 euro.
Praktikatzeko aukera badago?
Bai, eta hori azpimarratu nahi dut. Lehen, martxoan egiten zen ikastaroa, eta arratsaldeetan ilun egoten zen kanpoan, baina orain, maiatzean, argi dago oraindik, eta lokaletik kanpora aterako gara asko. Teoria emango dugu, noski, baina praktika izango da nagusi. Gauza asko landuko dugun arren, poliki-poliki joango gara.
Nolako jendea izaten da ikastaro hauetan?
16 urtetik gorakoentzat da, eta adinaren aldetik denetik etortzen da. Bestela, batzuk kamera izan arren aspaldian erabili ez dutenak dira, beste batzuk kamera berri-berriarekin etortzen dira. Kamera erosi aurretik probatu nahi dutenak ere badaude. Horiei, guk uzten diegu bat, eta aholkatu egiten diegu gero zer kamera mota erosi.
Argazkia atera ondorengoa ere jorratuko al duzue?
Edizioa deitzen da hori, eta gainetik emango dugu. Kamera erabiltzen zentratuko gara. Gero, Ikatzara etortzeko gonbidapena egingo diegu partaideei, bazkideen artean asko ikasten delako.
Zu nola iritsi zinen Ikatzara?
Ia zazpi urte dira. Gorka Gomez eta Errikarte Agirrek gonbidatuta joan nintzen ostegun batean, eta orain arte. Diseinu Grafikoa ikastean, argazkilaritza analogikoa landu nuen, baina Ikatzan, askoz ere gehiago ikasi dut.
Profesional bihurtzeraino.
Bai, MKL Estudioa jarri nuen martxan duela bost urte, diseinu grafikoa, web diseinuak eta argazkilaritza egiteko.
Nolako argazkiak egiten ditu- zu estudioan?
Denetik, ezkontzak edo jaunartzeak kenduta. Web orrietarako eta sare sozialetarako edukia, lokalen argazkiak, produktuen argazkiak… Estudioko argazkiak ere egiten ditut, erretratuak, bai- ta kanpoan ere. Horrez gain, badut nire proiektu pertsonal eta artistikoetarako tarte bat ere.
Zeintzuk dira proiektu horiek?
Nire alderdi artistikoa lantzen saiatzen naiz. Argazkiekin eta bideoekin istorioak kontatzea gustatzen zait. Ikusgai daude batzuk mikelbravo.com webgunean, Angel izenekoa bezala.