San Prudentzio jaietako lehen igandean sortzaileak protagonista
Lazkaoko San Prudentzio jaietako lehen igandea den honetan sortzaileen azoka izan dute lazkaotarrek.
Lazkaoko San Prudentzio jaiak hasi dira eta lehenengo asteburu hau festa giro bikainean pasa dute. Igande goizean jende ugari ibili da kalean, sortzaileen azoka dela eta. Elosegi kalearen amaiera eta Hirigoien kalea postuz bete dute eta bertan, sortzaileek haien sorkuntzak eskaini dizkie gerturatu direnei. Horrez gain, jendearekin hitz egiteko aukera izan dute eta sorkuntza hauen nondik norakoen inguruan aritu dira hainbat eta hainbat.
Denetariko produktuak eskaini dituzte sortzaileek, larruz egindako produktuak, metodo naturalak erabiliz egindakoak, jatekoak, margolanak, arropak, bitxiak… Horrez gain, sorkuntzarako espazio bat ere jarri dute haurrentzat, haien irudimena atera dezaten eta hala, etorkizuneko sortzaileak bultzatze aldera. Hau hala izanik, haien karpa txikia ere izan dute, margoketarako lekua.
Askok eta askok haien sorkuntzak saltzeaz gain bertan gehiago produzitzen jarraitzen zuten, eta bezeroek sorkuntza prozesu hori ikusi ahal izan dute, erosten duten horren jatorria eta bilakaera ikusiz.