Babes zabala eman diote gabiriarrek herriko hautagaitza bakarrari
Herritar saldo batek sustengatu du Gabiria Hautesle Elkartearen zerrenda, maiatzaren 28ko udal hauteskundeei begira. Hautagaiak ere zehaztuta daude.
Aurreko bi hauteskunde deialdietan bezala, maiatzaren 28an ere hautagaitza bakarra aurkeztuko dute gabiriarrek, herrian sortutakoa bederen. GHE Gabiria Hautesle Elkartea plataforman batu ditu indarrak eta hautagaiak.
Lehengo ostiral iluntzean, plazan elkartu ziren GHEri sustengua adierazteko. Hainbat herritar bertaratu ziren, proiektuari babesa eman eta taldeko argazkia ateratzeko. Bertan ziren gaur egun udalbatza osatzen duten sei zinegotziak eta Oier Oiarbide alkatea, baita aurreko bi agintaldietan alkate izandako Iñaki Etxezarreta eta Ibon Elgarresta ere, beste zenbait hautetsi ohiren artean.
Gabiria Hautesle Elkarteak zehaztuta dauka zerrenda. Endika Igartzabal Murua izango da alkategaia. Honakoek osatuko dute taldea: Joseba Iztueta, Iratxe Irigoien, Iñigo Igartzabal, Felix Maiz, Maialen Igartzabal eta Iker Arratibel.