Indar enpresako langileek mobilizazioak gogortuko dituzte "hitzarmenaren alde"
Datozen bi asteetarako lanuzteak eta bi greba egun deitu dituzte.
Beasaingo Indar Ingeteam enpresako langileek mobilizazioekin jarraituko dute. Langile batzordeak gaur jakinarazi duenez, “enpresako zuzendaritzarekin ez dago akordiorik”. Gauzak horrela, datozen egunetan mobilizazioak gogortuko dituztela iragarri dute. Bihar, asteartea, lau orduko lanuztea egingo dute lan errelebo guztietan. Manifestazioa ere egingo dute, Beasainen, bizi duten gatazka gizarteratzeko.
Bi greba egun ere deitu dituzte. Lehenengoa, ostegunean, hilak 27, izango da, eta Ingeteam taldeak Zamudion duen egoitzara joango dira, bertan elkarretaratzea egiteko. Zortzi autobus baino gehiago joango dira langile batzordearen esanetan. Bigarren greba eguna, hurrengo ostegunean, maiatzak 4, izango da.
Maiatzaren 2an, asteazkena, bi orduko lanuzteak egingo dituzte, errelebo guztietan.
Langileek espero dute enpresako zuzendaritzarekin akordioa lortzea. Bien bitartean, mobilizazioekin jarraituko dute.