Musikaren harira, kantzioa
Polemika eta ika-mikak eragin ditu talde eta gune ezberdinen arteko musika talkak, Lazkaoko jaietako lehenengo asteburuan. Larunbatean tentsioa handitu zen. Txosna Batzordeak oharra atera du.
Lazkaoko festetako lehenengo asteburuan, mozorrotuen egunean ika-mikak eta tentsio uneak sortu ziren, musika ugariek eta ozenek elkarri oztopo egin izanagatik. Leku berean talde, ekipo eta bozgorailu asko egoteak, une batzuetan oztopoak sortu zituen elkarren artean.
Horietako egoera bat San Prudentzio eskola aurreko zabalgunean gertatu zen, larunbatean. Txosna Batzordearen gunearen ondoan jarri dituzte aurten mozorrotutako gazte taldeen karpak, udalak hara bideratuta. Bakoitzak bere musika-ekipo indartsua zeukan, eta txosnan iragarritako kontzertuen garaian talka egin zuten soinu-iturri anitzek.
Txosna Batzordeak ohar bat argitaratu du. Batetik, gazte taldeek karpak jartzeko leku aproposena ez zela udalari aurretik jakinarazi ziotela dio. Gazteen “egoera” ondo ulertzen duela esan ondoren, kontzertuen garaian karpetako musika itzaltzeko araua zegoen arren, ez zutela bete dio oharrak. Leku berean kokatuta, “gazteak aurrez aurre jarri nahi” izan dituztela deitoratu du Txosna Batzordeak.
Lehenengo tentsio uneak txosnakoen eta gazte taldeen artean izan ziren. “Gazteen partetik ez genuen laguntzazko jarrerarik jaso, eta, beraz, izan zuten jarreraren inguruan hausnartzera bultzatu nahi ditugu”, dio Txosna Batzordearen oharrak.
Jarraian, txosnakoen eta Udaltzaingoaren artean ere tentsioak gora egin zuen. “Udaltzaingoak gaiarekin ezer egiteko ardurarik ez zietela eman esan zuen. Hau horrela, udala egiten dugu egoera hau sortu izanaren errudun”, gaineratu du batzordeak.
Herriko gazteen artean “armonia, festa eta konpromiso giroa hausteko saiakera” gisa ulertu du Txosna Batzordeak egoera, eta udala egin du erantzule. Herritarrei, berriz, festetan, “orain arte bezala”, konpromisoz, elkartasunez eta errespetuz jarduteko deia egin die Txosna Batzordeak.
Plazan ere bai
Musikaren elkar zapaltzea eta elkarri enbarazu egitea plazan ere gertatu zen. Etxepe taldearen kontzertuaren garaian, oholtzaren ondoan kuadrilla batzuen karpak eta karrozak egon ziren, musika ezberdinak ozen jarrita.