UZ Bizi! taldeak Arcelorren "plastiko erraustegia" egin nahi dela salatu du
Herritarrak bilera batera deitu ditu
UZ Bizi! Plastic Energy enpresak ArcelorMittalenak ziren lurretan irekiko duen fabrika “plastiko erraustegia” dela salatu du. Herritarrak bilera batera deitu ditu. Bilera maiatzaren 3an izango da, 19:00etan, Zumarragako kultur etxean. Horra hor UZ Bizi! taldeak komunikabideetara igorri duen prentsa oharra.
“Urretxu-Zumarraga Bizi!-k kezka handiz ikusten du, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen diputatuak eta Zumarragako alkateak iragarri bezala, Plastic Energy enpresak hondakin plastikoen birziklatze kimikorako instalazio bat jartzeko asmoa adierazi izana Arcelorren (SPRILURen jabetzakoa) Zumarragako lurretan. Instalazio horrek, balorizazio kimikoko sistema baten bidez, hondakin plastikoak errez beste substantzia batzuetan bihurtzen ditu.
Adierazi dutenez, enpresak pirolisi izeneko teknologia erabiltzen du. Pirolisia Europako zuzentarauek eta Espainiako Gobernuaren dekretuek (815/2013 Errege Dekretua, urriaren 18koa) errausketa prozesutzat hartzen dute, ez birziklatze prozesutzat. Hortaz, Arcelorren egin nahi dutenari errausketa ez den beste modu batera deitzea, herritarrak engainatzen saiatzea da.
Zientziak argi uzten du zeintzuk diren pirolisiaren ondorioak: kutsatzaile kimikoak, kontrolaezinak eta osasunarentzat kaltegarriak, ingurumenera askatzea. Gasak erretzeko eta hozteko prozesuetan, substantzia kimiko ugari sortzen dira kontrolik gabe. Horietako batzuk osasunean eta ingurumenean izan ditzaketen eraginak ez daude behar bezala aztertuta oraindik, eta beste batzuk, zuzenean, oso kaltegarriak dira.
Hauek dira pirolisian eta honen deribatuak diren erabileretan askatzen diren ingurumen kutsatzaileetako batzuk: konposatu organiko iraunkorrak, biometagarri batzuk, hala nola bifenol-A, konposatu bromatuak, di-fenilo polikloratuak, hidrokarburo aromatiko poliziklikoak, hidrokarburo aromatiko heteroziklikoak, metal astunak (Pb). Horietako asko debekatuta daude Europar Batasunean, osasunean dituzten ondorioengatik.
UZ Bizi!-k Plastic Energy enpresak Andaluzian dituen proiektuen datuak lortu ditu eta instalazioak dioxina edo furanoak bezalako substantzia kutsatzaileak isurtzen dituela baiezta dezakegu. Frogatuta dago substantzia hauek izaki bizidunengan eragiten duten kaltea: larruazalean, hormonetan, sistema hepatikoan, ugalketa sisteman… minbizia sortzeraino. Bereziki arriskutsuak dira fetuaren eta haurren garapenean.
Gainera, kezkagarriena da instalazioa Arcelorreko lurren inguruko eremu populatuan kokatu nahi dutela. Antonio Oraa, Aparicio, Artiz, Argixao edo Ipar Haizea auzoetako bizilagunei plastikoa erretzen duen eta osasunerako kaltegarria den erraustegi bat jarri nahi diete metro gutxira. Beraz, UZ Bizi!-tik uste dugu balorazio kimikoko faktoria bat, biztanle kontzentrazio handiko lekuetatik hurbil jartzea arduragabekeria galanta dela osasun publikoaren ikuspegitik.
Plastic Energyk bi zentro ditu Espainian: bat Alcala de Guadairan (Sevilla) eta bestea El Ejidon (Almeria). Eta aurrez aipaturiko arrazoiengatik, hiriguneetatik oso urrun dauden eremu eta industrialdeetan daude faktoriak.
Enpresak urtean 30.000 tona plastiko baino gehiago pirolizatu nahi ditu. EAEko biztanleok 62.000 tona material plastiko inguru bereizten ditugu edukiontzi horira, EUSTATen arabera; beraz, EAEko plastikoaren zabortegi bihurtu nahi gaituzte.
Enpresaren prozesu pirolitikoak plastikoa eraldatu eta takoil izeneko substantzia likidoa sortzen du. Substantzia hori material plastiko edo erregai berriak ekoizteko merkaturatzen da, eta horrek CO2 emisio berriak eta berotegi efektua eragiten ditu. Ekologikoa eta berdea bezala saldu nahi digute, baino hortik ez du ezer. Hau da, ez da ekonomia zirkularra (plastikoa erretzen du, ez du birziklatzen), ez da berdea (CO2 emisioak iraunarazten ditu) eta, gainera, kaltegarria da osasunerako. Guri birziklatu behar dugula errepikatzen diguten bitartean, plastikoa erretzen dute, kutsatzen segitzen dute eta gure osasunari kalte egiten diote.
Gure ondasunik handiena osasuna da —oso ondo dakigu Zumarragan eta Urretxun—, eta Zumarragako Udalak ingurumen baldintzarik onenak zaindu behar lituzke hura mantentzeko. Zumarragako eta Urretxuko biztanleen osasunarentzat eta ingurumenarentzat hain sentibera den erabakia ezin da alde bakarretik hartu, herritarren iritzia kontuan hartu gabe eta osasunean duen eragina ezkutatuz.
Lanpostuak sortzeko aukera ezin da erabili xantaia emozional gisa. Makina bat ikerketa eta txosten daude negozio eredu honek sortzen dituen inbertsio/lanpostu kopuru banaketa eskasa agerian uzten dutenak. Lanpostu gehiago, duinagoak eta ingurumen aldetik jasangarriak sortzen dituzten ereduak egon badaude, esaterako, hondakinen bereizketa, konpost guneak, berregokitze lantegiak… Baina noski, horiek ez dituzte plastiko eta petrokimika enpresek finantzatzen.
Urretxu-Zumarragarentzat eta ingurune osoarentzat hain garrantzitsua den erabaki baten aurrean, inposatu nahi diguten proiektuarekiko posizionamendua argitzeko eskatzen diegu talde politiko guztiei. Herritarrok eskubidea dugu jakiteko zer iritzi duten gure ordezkari politikoek hain gai delikatuaren inguruan.
Egoeraren larritasuna kontuan izanda, ezin gara begira geratu. Mugitu beharra daukagu, proiektuari buruzko informazio zehatza eskatzeko, erabakian herritarrek parte har dezaten eta, arreta printzipioaren arabera, gure osasunean eta ingurumenean izan ditzakeen ondorioak argitu arte, proiektua geldiarazteko.
Beraz, maiatzaren 3an, asteazkena, 19:00etan, Zumarragako kultur etxean egingo dugun informazio bilerara gonbidatzen zaituztegu, herritarrak informatu eta hemendik aurrerakoak adosteko”.
Argazkiak: Plastic Energy enpresaren Alcala de Guadairako lantegia