'Kantu bat gara' kontzerturako sarrerak salgai daude
Ordiziarrock elkartearen webgunean eskuratu daitezke. Bi edo lau lagunentzako mahaiak daude. Maiatzaren 13an izango da, Barrena parkean.
Maiatzaren 13an izango den ‘Kantu bat gara’ kontzerturako sarrerak salgai daude, atzotik. Ordiziarrock-en webgunean erosi daitezke. Mahaietan banatuko dira eserlekuak. Bi lagunentzako mahaiak 30 euro balio du, eta 4 lagunentzako mahaiak 60 euro. Kontzertua 22:30ean izango da. Aurretik, 22:00etan irekiko dituzte ateak. Euria egiten badu, Jakintza Ikastolan egingo da.
Duela bi urte Zetakekin egin zuten formatu bera erabiliko dute, Barrena parkean. Jon Maia eta bere lantaldea izango dira bertan ‘Kantu bat gara’ ikuskizunarekin. Berezia izango da, Goierriko eragile ezberdinek parte hartuko baitute: Goierriko Bertso Eskolak, Lazkaoko Zanpantzarrek, Ordiziako Erraldoiek, Xabin Fernandezek, Amets Bideko euskal eta ballet dantzariek, Oroith abesbatzak eta Esanezinek.
Euskal kulturaren, historiaren eta identitatearen bere ikuspegia zabaltzen du Jon Maiak kantutegiaren bidez ‘Kantu bat gara’ ikuskizunean. Hainbat talde eta abeslariren letra sortu du Maiak; besteak beste Negu Gorriak, Benito Lertxundi, Anari, Gozategi, Mikel Urdangarin, Ken Zazpi edo Pirritx eta Porrotxentzat idatzi ditu kantuak. Horien bidez bidaia bat proposatzen du emanaldietan.
Udalak, Ordiziarrock-ek eta Bidean Produkzioak-ek elkarlanean antolatuta, Udaberria Transloratzen zikloaren barruan kokatu dute kontzertua.