Aitor Garmendia itsasondoarrak CAF-Elhuyar sariketako NEIKER saria jaso du
'Aralar, balioen eta interesen aniztasuna parke natural batean' lanarekin lortu du saria. Zientzia eta teknologiaren arloko gaien eta ikerketen euskarazko dibulgazioa, kazetaritza eta gizarteratzea bultzatzea, saritzea eta aitortzea dira sariketaren helburua.

CAF-Elhuyar sariak banatu dituzte gaur, Usurbilen, ‘Begiratu urrunera’ lelopean. Hainbat lan saritu dituzte kategoria ezberdinetan. Lehen sektoreari lotutako lanak saritzea helburu duen NEIKER saria Aitor Garmendia Etxeberria itsasondoarrarentzat izan da, Aralar, balioen eta interesen aniztasuna parke natural batean lanari esker. Antolakuntzak azaldu duenez, kategoria horretako epaimahaikideek “garrantzia berezia” eman diote egileak “gaurkotasun handiko auzi bati” heldu izanari.
“Aintzat hartu dute eztabaida handia sortzen duen gaia izanik eztabaida horretan parte hartzen duten eragile guztiak kontuan izatea artikuluan”. Sariketa Elhuyarrek antolatzen du, CAF enpresarekin batera eta NEIKERen babesarekin. Zientzia eta teknologiaren arloko gaien eta ikerketen euskarazko dibulgazioa, kazetaritza eta gizarteratzea bultzatzea, saritzea eta aitortzea dira sariketaren helburuak.
41 lan jaso dituzte aurtengo edizioan. Aitor Garmendiaren lanaz gain, dibulgazio-artikulu orokorraren saria Judith Zubia Aranburu arrasatearrak irabazi du, Garena egiten gaituena, egiten duguna idazteko artikuluarekin; egilearen doktore tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluaren saria, Mattin Urbieta Galarraga debarrak, Elektroien dantzan nanoeskala argitzeko lanarekin; eta zientzia-kazetaritza saria, Iñaki Sanz Azkue hernaniarrak, Dragoi txiki bat egongelako horman lanarekin. 2.000 euroko ordaina eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura bana jaso dute.
Sari horiek ez ezik, 5.000 euroko diru-laguntza bat ere eman ohi du CAF-Elhuyar sariketak, zientzia eta gizartearen arteko zubi-lana egiten duten proiektuak bultzatzeko. Aurten bi proiektuk jaso dute sorkuntza beka: Jon Sanchez Carrasco donostiarraren Semiosi-genesi proiektuak eta Kulturaz Azpeitiko Kultur Kooperatibaren Ia dena lanak. Euskararen normalizazioan eta zientzia eta teknologiaren dibulgazioan nabarmendu diren pertsonak omentzen dituen merezimendu saria, aldiz, Jacinto Iturbe Barrenetxeak jaso du, euskara eta zientzia unibertsitatearen eremuan zabaltzeko eta zientziaren dibulgazioan egindako lanarengatik.