65 zerrenda aurkeztu dira Goierrin
Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak udal hauteskundeetara aurkeztutako zerrendak argitaratu ditu. Goierriko herri guztietan osatu da zerrenda bat, gutxienez.
Udal hauteskundeetara 65 zerrenda aurkeztu dira Goierrin. Herri guztietan osatu dira alkatetzarako zerrendak.
Araman –Arama Herritarren Batzarra–, Gaintzan –Gaintzako Herria– eta Mutiloan –Mutiloako Herri Kandidatura– zerrenda bakarra aurkeztu da. Beste herri txiki batzuetan, herri kandidaturez gain, nazio mailako alderdiak ere aurkeztu dira: Altzagan, esaterako, Alderdi Popularrak zerrenda osatu du; Ezkion edota Gabirian, Alderdi Sozialistak.
Sozialistak dira zerrenda gehien osatu dituztenak: hamazazpi. Asko, baina, sinbolikoak dira. Rafaela Romero, Aldundiko mugikortasun arduraduna, Gabiriako zerrendaburu doa, nahiz eta herriarekin loturarik ez duen; Euskal Herria Bilduk hamasei zerrenda aurkeztu ditu, Eusko Alderdi Jeltzaleak hamaika eta Alderdi Popularrak, zazpi. Elkarrekinek, berriz, hiru.
Beasainen zerrenda osatzea lortu dute moreek. Bost hautagaien artean bozkatu beharko dute beasaindarrek: Alderdi Popularra, Elkarrekin, Alderdi Sozialista, Euskal Herria Bildu, Euzko Alderdi Jeltzalea. Ordizian, Legazpin eta Zumarragan ere bost proiekturen artean aukeratu beharko dute; justu, bost alderdi berdinen artean. Urretxun lau zerrenda aurkeztu dira –Elkarrekinek ez du hautagaitzarik osatu– eta Lazkaon, hiru. Kasu honetan, Alderdi Popularra ere ez da aurkeztu.
Behin-behineko zerrendak dira. Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak herenegun argitaratu zituen eta alegazioak aurkezteko epea martxan jarri zen. Dena dela, ez da aldaketa handirik espero. Behin-betiko zerrendak datorren astelehenean argitaratuko dituzte.
Hilabete, bozketarako
Gaur hilabete izango dira udal hauteskundeak. Maiatzaren 12an hasiko da hauteskunde kanpaina eta alderdiek argi eta garbi eskatu ahalko dute botoa. Bi aste izango dituzte horretarako. Biharamunean, maiatzaren 27an, hausnarketarako eguna izango da eta igandean, 28an, botoa emateko aukera izango da. Hemezortzi urtetik gorako goierritarrek izango dute botoa emateko aukera.
Emaitzak iluntzerako jakingo dira. Goierriko Hitzak, edizio digitalean, jarraipen berezia egingo du hauteskunde gauean. Dena dela, emaitza ofizialak maiatzaren 31n, asteazkenean, jakinaraziko dira.
Hauteskundeetatik hogei egunetara, ekainaren 17an, udalak eratzeko osoko bilkurak egingo dira herri guztietan. Zinegotzi hautetsien gainean errekurtso kontentziosorik aurkezten den tokietan, uztailaren 7an egingo da udalbatzar eratzailea, berrogei egunera.