Gabirian hasi dira aurtengo jarritako lan bat egiten, Ostatuko teilatuarena
Eraikinaren irisgarritasuna ganbararaino iristeko, teilatuaren egitura aldatzen ari dira, bi uretara bihurtzeko. Frontoiazpiko harrizko hormaren mugimendua, korapilo estua.
Gabiriako udal aurrekontuaren helburu nagusiak bi zehaztu ditu aurtengo udalbatzak. Batetik, Ostatuko teilatua berritzeko obra izango da nagusietako bat. Astelehenean hasi zen lanean esleipena lortu duen ILG Tejados y Reformas enpresa. Orain arteko hiru ureko egituraren ordez, bi isuritara moldatuko dute Ostatuzahar etxe historikoaren –udaletxea izana XX. mende hasierara arte– estalkia.
Guztira, 197.000 euroko aurrekontua du obrak. Zati bat, irisgarritasun arloko 97.000ko diru laguntzaren bidez finantzatuko da. Izan ere, Ostatuko eraikin osoaren irisgarritasuna ziurtatzeko proiektuaren barruan kokatzen teilatuaren eraberrikuntza. Dagoeneko egindako dagoen igogailua ganbararaino iritsiko da. Horretarako, orain arte atzean zegoen txaflana kenduko dute, bi uretara luzatuta.
Udalbatzak abenduan onartu zuen 2023rako 756.000 euroko aurrekontua. Frontoiazpiko harrizko horman iazko urte bukaeran izan zen arazoari heltzea izango da beste egiteko bat. Etxebizitzen azpian dagoen eustormari barreneko harri potor batzuk askatu zitzaizkion, eta konponketa konplexua bezain garestia –600 edo 700.000 euroraino hel daiteke– edukiko duela aurreratu du Oier Oiarbide alkateak. Ikerlur enpresari ikerketa tekniko bat aginduta dauka udalak. Arazoaren jatorria, obraren exekuzioa, lagapena eta bitarteko lan batzuk aztertuko dituzte.
Jolas parkea, gerorako
Eskolako teilatuan energia sortzeko eguzki-plakak jartzea ere aurreikusi du udalak. Proiektua aurten landuko du, laguntzen peskizan hasteko. Iaz onartutako beste egitasmo bat, plazako haur jolas parkea estaltzea, ez da aurten egingo, aldiz. Proiektua, aurrekontua eta laguntzak onartuta zeuden arren, denbora arazoagatik geroratu du udalak.
Herri eta baserri bideen konponketaren arloan, Gabirizar baserrietara ireki duten bide berria –lehengoa baino ehun-bat metro beherago– asfaltatzea izango da proiektu nagusia. Ardantza-Madariaga eta Gaztelu-Azkartza herri bideak berritzeko, berriz, Red Electrica eta Adif enpresekin ari da udala izapideak egiten, haien lan batzuen ondorioz kaltetu direla ulertuta.
Aurrera doan beste zerbitzu bat eskalatzeko boulderrarena da, herriko eskalatzaileen eskaria. Alkainburu pilotalekuaren kanpoan, harmailen atzeko horman eraikiko dute, horizontala.