Gaztagileen topaleku izango da berriz Idiazabal maiatzeko lehen asteburuan
Euskal Herriko ekoizleez gain, Espainiako eta Portugalgo gaztagileak ere izango dira. Bi eguneko azoka izango da berriz, maiatzaren 6an eta 7an. Gomiztegi artzain eskolari omenaldia egingo diote.
Maiatzaren 6an eta 7an ospatuko da aurten Idiazabalgo Gazta Azoka. Gaur eguerdian egin dute ekitaldiaren aurkezpena Artzai Gazta elkarteko Marta Perez Loperenak eta Iñaki Alberdi Idiazabalgo alkateak. Gazta Azoka Euskal Herriko, Espainiako eta Portugalgo gaztagile ezberdinen «topaleku» izango dela aurreratu du alkateak.
1998tik egiten dute Gazta Azoka Idiazabalen eta ordutik helburu garbi bat izan du: «Artzainen lana babestu eta balioan jartzea», Alberdik gogoratu duenez.
Gomiztegiri omenaldia
Perez Loperenak esan duenez, «Artzai Gaztako 12 gaztagilek» hartuko dute parte. Gehientsuenak Idiazabal gazta egiten duten arren, Espainiako eta Portugalgo ekoizleak ere bertaratuko dira. Idiazabalgo azokak, Idiazabalgo gazta berriaren denboraldia «borobilduko» du Ordiziakoaren eta Iruñeakoaren atzetik.
Igandean, Gomiztegi artzain eskolari egingo diote omenaldia, «25 urtez artzaintzaren lanbidea eguneratzen eta duintzen» egin duen lanagatik.
Maiatzak 6, larunbata
- 11:00. Azokaren irekiera.
- 11:15. Mami txapelketa.
- 11:30. Gazta dastaketa ardo maridajearekin.
- 12:45. Mamia egiten ikasteko ikastaroa.
- 14:30. Bazkari herrikoia frontoian.
- 16:00. Dantzari Txikia.
- 17:00. Artzaintzaren sekretuak.
- 17:30. Show cooking Iker Markinez eta Joseba Argiñanorekin.
- 18:30. Idiazabal gazta dastaketa komentatua.
- 19:00. Motozerra bidezko eskultura erakustaldia.
- 19:30. Dantzaldi erromeria Aiko taldearekin.
Maiatzak 7, igandea
- 10:00. Azoka irekiera.
- 11:00. Haurrentzako artzain jolasak futbitoan.
- 11:30. Gazta txapelketa herrikoia.
- 11:45. Gazta egitea eta ketzea.
- 12:30. Artaldea kaleetan zehar.
- 13:00. Artile lantze ikastaroa.
- 13:00. Gomiztegi artzain eskolari omenaldia eta sari banaketa.
- 15:15. Bazkaria frontoian.