Goren mailako pertika jauzilariak bertatik bertara ikusteko aukera izango da Beasainen
Erauskin plazan izango da, 18:30etik aurrera. Txindoki Atletismo Taldeak eta Beasaingo Udalak antolatu dute.
Beasaingo Erauskin plaza atletismo pista bihurtuko dute, bederatzigarren Atletismo Erakustaldia egiteko, etzi, larunbata, 18:30ean hasita, Txindoki Atletismo Taldeak antolatuta, Beasaingo Udalaren laguntzarekin. Ekitaldi hau, Ordizia, Lazkao eta Beasainen egiten da, txandaka. Aurten, Beasainen izango da eta pertika erakustaldia egingo dute soilik. Orain arte, bost ediziotan sartu dute pertika, baina hau izango da Beasainen pertika egingo den aurreneko aldia.
Eneko Agirrezabal Txindoki AT-ko lehendakariak azaldu duenez, ekitaldiaren helburua da, «pertika jauzia sustatzea eta herritarrengana gerturatzea».
Guztira hamar atleta izango dira, hiru mutil eta zazpi neska. Estatu mailako txapelketetan goren mailan lehiatzen ari diren atletak dira guztiak. Real Sociedad taldetik, Ander Martinez de Rituerto (5,30 metro da bere marka onena), Asier Añorga Fernandez eta Getary Gonzalez Narbarte. Bidasoa Atletiko taldetik, Mario Estanga Lasa eta Malen Orduña Enparantza. Atletiko San Sebastianetik, Ane Castillo Lorente. Pamplona taldetik, Alaine Hernandez Mariezkurrena. La Blanca taldetik, Sofia Granja de Zuasnabar. Eta Txindoki AT-tik, Maddi Mendizabal zegamarra eta Elorri Garcia ordiziarra.
Aipatu ere, Erauskin plaza pertika jauzia egiteko egokitu da, beharrezkoak diren elementuak jartzeko; arkua, langa, pertika iltzatzeko kajetina eta koltxoneta.
Ekitaldia antolatzeko Beasaingo Udalaren aldetik izan duten laguntzagatik «eskerrak» eman ditu Agirrezabalek.
Leire Artola Beasaingo alkateak esan du «kirolaren onurak zein diren jakinak izanik, atletismoaren aldeko aukera eta sustapenean eragin nahi dugu, batez ere gaztetxoen artean», eta «kirol mota honekin haur eta gazteei aukera bat gehiago eman nahi zaie kirol jardueran murgiltzeko» erantsi du.
Kirol ikusgarri hau gertutik ezagutzeko aukera ez galtzeko gonbita ere luzatu du alkateak.