Guillem Agullo independentista valentziar zena oroituko dute gaur Zaldibian
Duela 30 urte hil zuten neonaziek Herrialde Katalanetako ezker independentistako gaztea. Zaldibian, Agullori buruzko bideo emanaldia, familiarekin bideodeia eta Pau Alabajos musikariaren kontzertua izango dira gaur iluntzean, Aldarricatuz taldeak antolatuta.
Herrialde Katalanen memoria antifaxista ekitaldia ospatuko dute, gaur, Zaldibian. Euskal Herrian bizi diren Herrialde Katalanetako bizilagunen Aldarricatuz elkarteak antolatu du, bereziki Zaldibian bertan eta Goierrin bizi direnek.
Ekimenaren helburua Guillem Agullo zena oroitzea izango da. Apirilaren 11n bete ziren 30 urte neonaziek hil zutela. Joxepaneko goiko lokalean, 19:00etan hasiko da egitaraua. Lehenbizi, La mort de Guillem filma jarriko dute. Ondoren, 20:40an, Agulloren senitartekoekin bideodeia egingo dute.
Azkenik, Pau Alabajos kantautore valentziarraren kantaldia izango da, Zaldibiako plazan, 21:30ean hasita.
Ezker independentista oroi
Guillem Agulló i Salvador (Burjasot, Valentzia, Herrialde Katalanak, 1974 – Montanejos, Castello, Herrialde Katalanak, 1993-4-11) independentista eta antifaxista zen, baita Mauletseko militantea ere. Bost neonazik hil zuten Agullo, labankadaka, Montanejos herrian. 19 urte zeuzkan.