Hamaika ekintzaz beteta dator Zeraingo seigarren kulturaldia
Maiatzaren 4tik 12ra bitartean gauzatuko da. Hitzaldiak, lehiaketa eta bazkaria izango dira, besteak beste. Emanaldi solidario batekin amaituko da kulturaldia.
Zeraingo Herri Bizitza Batzordeak antolatuta Udaberriko 6. Kulturaldia egingo dute Zeraien maiatzaren 4tik 12ra bitartean. Ekintza sorta zabala prestatu dute, tartean, hitzaldiak, lehiaketa, bisitak eta bazkari herrikoia ere izango direlarik.
Maddi Etxeberria nutrizionistak irekiko du kulturaldia datorren ostegunean, maiatzak 4, Harvard platera izeneko hitzaldiarekin. Kultur etxean izango da 19:00etatik aurrera. Hurrengo egunean, maiatzak 5, haurrentzako buruhandi ikastaroa egongo da 17:00etan pilotalekuan. Aurrez izena eman behar da eta gaur da horretarako azken eguna.
Egun berean, 19:00etatik aurrera patata tortilla lehiaketa izango da pilotalekuan eta ondoren, afari-merienda egingo dute bertan. Parte hartzeko gehienez lauko taldeetan eman beharko da izena udaletxean, maiatzaren 4ko 14:00ak arte egongo da izena emateko epea irekita. Sua eta lehengaiak antolakuntzak jarriko ditu eta aurreratu dutenez, «afari merienda osatzeko lehiaketatik kanpo tortilla bereziren bat egin nahi duenak horretarako aukera izango du osagaiak norberak eramanda».
Maiatzaren 7an, igandez, San Isidro eguneko bazkaria egingo dute. Herriko artzainen arkumeek eta Lumagorriko hegalek osatuko dute menua. Izen ematea maiatzaren 4ra arte dago irekita udaletxean. Helduek 15 euro ordaindu beharko dituzte, 12 urtetik beherakoentzat doanik izango da bazkaria. Bazkal aurretik, 13:30ean Errementari eraikinaren obrak bisitatzeko aukera egongo da.
Emanaldia amaitzeko
Kulturaldiarekin amaitzeko, maiatzaren 11n, osteguna Joseba Sarrionaindiaren Munduari bira eman zion ontzia liburuaren inguruko solasaldia antolatu dute kultur etxean, 19:00etan. Eta maiatzaren 12an, ostirala, Mendifest jaialdian ikusgai egon zen Los tiempos cambian eta beste bi ikus entzunezkoen emanaldi solidarioa izango da kultur etxean, 19:00etan, Rokopolis eta Kideak elkarteen eskutik eta Oamendi kirol klubak babestuta.