Hamar hautagaiko taldea aurkeztu du EH Bilduk Olaberrian
Gobernantza eredu berria hartu du udal hauteskundeetarako aldaketarako iparrorratz gisa. Herritarrak udalera gerturatzea "premiazkoa" da.
Aitor Urkiola zerrendaburu hartuta, Olaberriko EH Bilduk gaur jakinarazi du maiatzaren 28ko udal hauteskundeetan aurkeztuko duen taldea. Zazpi zizeiluko udalbatzarako, ordenan, Aitor Urkiola Ugartemendia, Isa Herrera Carrasco, Ainhoa Goiburu Eskitxabel, Peio Jauregi Garcia, Judit Garcia Llorens, Garikoitz Arrieta Zubeldia eta Cris Hernandez Alonso eramango ditu. Ordezko, berriz, Joxe Migel Arbilla Arbizu, Ane Mantzisidor Eguzkitza eta Alejandro Diaz Garcia dira.
“Gobernantza eredu berria” udalean aplikatzea hartu du EH Bilduk bere jardunaren gida-lerrotzat. “Herritarrak udal erabakietara gerturatu nahi baditugu, premiazkotzat izango dugu udal funtzionamendua barrutik eraldatzea eta herritarrekin lankidetzazko eredu berriak antolatzea”.
Erronka “konplexuak” daudela aitortu ondoren, eta horiei “tokitik eta bokazio eraldatzailearekin” erantzuteko, udala “eraldatu” beharra premiazkotzat jo dute. “Funtzionamendua arindu, koordinazioa hobetu, ikuspegi zurruna gainditu eta herritarrak protagonista bihurtuko dituen prozesu sakon bat eraikitzeko baldintzak jarriko ditugu.lankidetzazko gobernantza eredu berri baterako lehen oinarriak ezartzea da helburua. Zeharkakoa izango dena, udal kudeaketa eta herritarra ahaldunduko duen lan egiteko era eta aro berria”.