Lan munduan euskararen aldeko urratsak emateko hitzarmen kolektiboa osatu nahi dute
Ikaslan, Goierri Eskola, Orkli, Eroski, Goieki, Ordizian eta Ordiziako Udala Lanean egitasmoaren oinarriak ezartzeko lanean ari dira, eta hitzarmenean parte hartzera deitu dituzte Ordiziako lan mundua osatzen duten eragile guztiak.
Lanean egitasmoaren barruan, lan munduan euskararen aldeko urratsak emateko hitzarmen kolektiboa osatu nahi dute Ikaslanek, Goierri Eskolak, Orklik, Eroskik, Goiekik, Ordizianek eta Ordiziako Udalak. Horretarako Ordiziako lan mundua osatzen duten eragile guztiak deitu dituzte parte hartzera. Helburua enpresa bakoitzak bere errealitatetik euskara sustatzeko lan egitea da. Gaur goizean erakunde horiek prentsaurrekoa egin dute Goierri Eskolan, ekimenaren berri emateko eta hurrengo pausoak azaltzeko.
Maitane Alvarez Ordiziako alkateordeak azaldu duenez, 2008an jarri zuen udalak martxan Lanean ekimena, baina bertan behera geratu zen eta duela 2 urte jarri zuten berriro martxan. “Izan ere, lan mundua etorkizun hurbileko erronka da euskalgintzarako, erdalduna ez ezik, erdalduntzailea ere badelako”. Lan arloko eragileak elkartu nahi dituzte, elkarrekin euskararen erabileran eragiteko. “Lan arloko eragileen artean, zerbitzu enpresak, industriakoak, merkataritza arlokoak eta hezkuntzakoak ere proiektu honetan batera aritzea bilatzen dugu”.
Zerbitzu kalitatea bermatzeko “euskara ezinbestekotzat” jo du Xabier Perez Goiekiko ordezkariak, eta euskaraz ikasi duten eta euskaraz bizi diren gazte euskaldunek euskaraz lan egiteko aukeraz mintzatu da: “Kanpotik datozen jatorri anitzeko herritarrei erakutsi nahi diegu gure hizkuntza zer den eta lan egiteko beharrezkoa dela esan nahi diegu, euskarak lanerako balio duela transmititu”.
Egun, egitasmoa aurrera eramateko mahaia dute abian, Lanean-en oinarriak ezartzeko helburuarekin. Horietako bat izango da hitzarmen kolektiboa osatzea, herriko eragile ezberdinekin elkarlanean, eta dagoeneko konpromiso batzuk zehaztu dituzte: “Enpresa-zerbitzu bakoitzak euskara sustatzen ibiliko den solaskidea izendatzea, Ordiziako enpresa eta zerbitzu desberdinen arteko harremana euskaraz izatea edo behintzat euskaraz jardun nahi duenak euskaraz egiteko bide guztiak bermatuta izatea, eta enpresako hizkuntza egoeraren diagnostiko arina egitea”, azaldu du Gorka Lekuona Orkliko ordezkariak.
Aurkezpen saioak, maiatza-ekaina aldera
Hitzarmen berriaren berri emateko, maiatza-ekainean hainbat aurkezpen saio egingo dituzte, goizez eta arratsaldez, parte hartzea ahalik eta zabalena izan dadin. Lan munduan euskara sustatzeko behar diren baliabideak jartzeko eta bidea errazteko konpromisoa hartzen duela esan du udalak, baina “hitzarmenaren izaera kolektiboa” azpimarratu du: “Izango dira gai batzuk udaletik bideratu behar direnak, baina asko guztion artean aurrera ateratzekoak direnak”.